Sexu bidezko ugalketaren aztarna goiztiarrak aurkitu dituzte fosil batean
2009/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plakodermo baten fosilean, estalketarako organoak aurkitu dituzte. Ikerketa egin duen Australiako zientzialari-taldearen ustez, aurkikuntza barne-ugalketaren lehenengo pausoen aztarna da, eta bibiparoak, kumeak amaren barnean garatzen dituzten animaliak, uste zen baino zabalduago egon zirela baieztatzen du.
Australiaren Mendebaldeko Unibertsitateko, Londresko Historia Naturalaren Museoko eta Victoria Museoko ikertzaile-talde batek egin du aurkikuntza. Erakutsi dutenez, desagertutako Incisoscutum ritchiei plakodermo-espezieak, gerri pelbikoan, kartilago luze eta artikulatua zuen itsatsita. Sexu-organo horiek erabiliz marrazoen antzera egiten zutela estalketa uste dute.
Plakodermoak duela 420-350 milioi urte bizi ziren arrain barailadunak dira. 2008an, 375 milioi urteko plakodermo bat topatu zuten Australiako zientzialariek. Barruan, enbrioia eta hari lotutako zilborrestea zituen. Aurkikuntza hark garai hartan kokatu zuen barne-ugalketaren hasiera. Azken aurkikuntzak ugalketa nola egiten zuten argitu du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia