}

Serge Voronoffen gaztetzeko metodoa

2011/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Serge Voronoffen gaztetzeko metodoa
2011/09/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Txalo-zaparrada batekin amaitu zen Serge Voronoffen hitzaldia. 1923ko Zirujauen Nazioarteko Kongresuan, Londresen, mundu osoko puntako 700 zirujauk txalotu zuten Voronoffen lana: gizon zaharrak "gaztetzen" egindako lana. Tximuen testikulu-zatiak gizon zaharren testikuluetan txertatzean zetzan Voronoffen metodoak. Eta sekulako arrakasta izaten ari zen.

Londresko kongresuan pelikula batzuen bidez erakutsi zuen nola egiten zituen ebakuntza haiek. Mahai banatan gaixoa eta tximu bat jartzen zituen, bata bestearen ondoan. Gizonari anestesia lokala ematen zion, eta orokorra tximuari. Tximuari testikulu bat erauzi, sei zati txiki ebaki, eta gizonaren eskrotoan sartzen zituen.

Hiru gizonezkoren kasuak erakutsi zituen, ebakuntzaren aurretik eta ondoren. 61, 74 eta 77 urteko gizonak ziren, eta ebakuntza egin aurretik zahartuta eta egoera kaxkarrean ikusten ziren. Ebakuntza egin eta hilabete batzuetara, berriz, osasuntsu eta indartsu ikusten ziren, zaldi-gainean ibiltzen, arraunean, eta abar. Voronoffek azaldu zuen ordurako tximuen testikulu-transplanteak jaso zituzten 60 urtetik gorako 44 gizon kementsu eta osasuntsu zeudela.

Voronoff errusiarra zen jatorriz, baina 18 urterekin Frantziara emigratu eta han ikasi zuen medikuntza. Alexis Carrel izan zuen irakasle, eta harengandik ikasi zituen transplanteak egiteko teknikak. Ez zen edonolako irakaslea Carrelek Nobel saria irabaziko zuen 1912an, hain zuzen ere, odol-hodien eta organoen transplanteen teknikak garatzeagatik.

Ikasketak bukatu ondoren Egiptora joan zen Voronoff 1896an, eta han aritu zen zirujau, hamalau urtez. 1924an Time aldizkariari kontatuko zion moduan, hango eunukoek bere arreta piztu zuten: "Ez zuten ez bizarrik, ez biboterik, masailak erorita zituzten, eta gizenak ziren; zahar-itxura nabarmena zuten, oso gazte izanda ere. Haietako bat 45 urterekin hil zen, eta bazirudien 90 zituela. Horrek frogatzen zuen arren guruinek ugalketaz gain beste funtzio batzuk dituztela; jariakin bat dute horretarako, eta, beste bat, muskuluei eta buruari indarra ematen diena". Behaketa horien ondorioz pentsatu zuen testikulu-transplanteak zahartzaroaren kontrako erremedio bat izan zitezkeela.

1910ean bueltatu zen Frantziara, eta zazpi urte geroago hasi zen lehen probak egiten animaliekin. "Ahari bat hartu nuen, 10-12 urtekoa, albaitarien esanean une batetik bestera hil zitekeena. Hain zegoen ahul, ezen altxatzean hankek dar-dar egiten zioten, eta bere gernuari eusteko ere ez zen gai. Sei hilabeteko ahariko baten testikulu-zatiak sartu nizkion. Hilabete pare batean aldaketa etorri zen. Haren apatia, etsipen-itxura eta espresio tristea desagertu, eta bizitasuna eta espiritu oldarkorra agertu ziren. Aurretik ardiekiko zuen gogogabeziaren ordez, kemena eta gogoa erakutsi zuen. Ardi batekin jarri genuen, eta ondorengo bat izateko gai ere izan zen."

1917 eta 1926 bitartean, 500 ebakuntza baino gehiago egin zituen, ahariekin, akerrekin, eta baita zezenekin ere. Eta Voronoffen behaketen arabera, animalia zaharretan gazteen testikuluak transplantatzean, galdutako indarra berreskuratzen zuten.

Gizonen kasuan tximuen testikuluak erabil zitzakeela pentsatu zuen. Garai hartarako, ideia ausarta zen, tximuak gizakiaren pare jartzen baitzituen. Baina, areago, honela idatzi zuen behin Voronoffek: "Ausartzen naiz baieztatzera tximua gizonaren gainetik dagoela, bere gorputzaren sendotasunean, bere organoen kalitatean, eta gizakion gehiengoari eragiten dioten akatsen gabezian". Gerora azalpen hauek eman zituen: "Tximuen testikuluak erabili nituen, gizakienak lortzeko oztopo handiak zeudelako, eta tximuen guruinak zirelako bakarrak, zehazki simio antropoideenak, zeinak haien transplanteek giza ehunetan jatorrizko kondizio berak aurkituko baitzituzten."

1920an egin zuen lehen transplante ofiziala gizon batekin. 45 urte zituen, eta testikuluak erauzita, tuberkulosoak zirelako. Horren ondorioz, ez zuen bizarrik. "Trasplantea egin ondoren bizarra mozten hasi behar izan zuen; 20 urte zeramatzan halakorik egin gabe". Handik gutxira 74 urteko beste gizon bati egin zion ebakuntza. "Zortzi hilabeteren buruan bueltatu zen. Nere laguntzailea eta biok zur eta lur gelditu ginen haren lodiera erdira jaitsi zela ikustean. Gazte-itxura zuen, mugimenduetan indarra nabari zitzaion. Gantza desagertu zen, muskuluak irmo zituen, gorputza zuzendu zitzaion, eta buruan hilea zuen lehen batere ez zuen lekuan ere. Suitzako mendiak igotzen ibilia zen..."

1930eko hamarkadaren hasierarako 500 gizoni baino gehiagori egin zitzaien ebakuntza Frantzian, eta beste milaka gizoni mundu osoan, Voronoffen metodoarekin. Tximu-testikuluen eskariari erantzuteko, bere haztegia eraiki zuen Italian Voronoffek. Arrakasta hari esker, dirutza handia egin zuen, eta Parisko hotel garestienetako baten lehenengo pisu osoa hartu zuen, zerbitzari mordo batekin.

Baina urteak aurrera joan ahala, Voronoffen arrakasta txikitzen hasi zen, eta metodoarekin kritikoak zirenak indarra hartuz joan ziren. Komunitate zientifikoak, pixkanaka, frogatu zuen metodo hark ez zuela benetan halako emaitzarik ematen. Ikusitako emaitza positiboen atzean zegoen gauza bakarra plazebo-efektua zen. Kenneth Walker doktore britainiarrak esan zuen moduan, Voronoffena "ez da sorginen eta aztien metodoak baino hobea".

Voronoffen karrera eta izen ona lurpean gelditu ziren. 1951n hil zen, eta egunkari gutxik egin zioten nekrologiaren bat. Eta, egin ziotenek, haren sinismenengatik barregarri uzteko izan zen, beti halaxe tratatu izan balute bezala.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
278
2011
9
025
Historia; Biografiak; Medikuntza
Istorioak
54

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia