Sendatuko al da, lurzoru-medikua?
2011/01/01 Epelde, Lur - NEIKER-Tecnaliako ikertzailea | Garbisu, Carlos - NEIKER-Tecnaliako ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaixotasuna
Lurzorua gure baliabiderik garrantzitsuenetako bat da, hainbat ekosistema-zerbitzuz hornitzen baititu ingurunea eta gizakia. Besteak beste, ziklo biogeokimikoen erregulazioan, kutsatzaileen biorremediatzean, jaki eta erregaien hornikuntzan, atmosferako gasen erregulazioan, izurri eta patogeno potentzialen kontrolean, jolasean, erabilera espiritualean eta abarretan parte hartzen du. Gure ongizatea zerbitzu ekosistemiko horien menpe egon arren, zoritxarrez, ez daude behar bezala aintzatetsiak merkatu ekonomikoaren eta ingurumenaren kudeaketa-politiketan.
Diagnostikoa
Patologia baten antzera, ekosistema edafikoaren "gaixotasun" bat izan litekeenaren sintomen aurrean, lehendabiziko pausoa gaixotasunaren zergatia identifikatzea litzateke. Zenbait parametro biologiko proposatu dira lurzoru-ekosistemaren osasunaren bioadierazle gisa: mikrobio-biomasa, nitrogeno mineralizagarria, lurzoruko jarduera entzimatikoak, sustraietako patogenoak, landareen hazkuntza eta dibertsitatea eta abar. Hauetatik guztietatik, parametro mikrobiarrek, bereziki mikrobio-komunitateen biomasarekin, aktibitatearekin eta biodibertsitatearekin zerikusia daukatenek, potentzial handia dute bioadierazle gisa; sentsibilitate altua, asalduren aurrean azkar erantzuteko ahalmena eta izaera bateratzailea azaltzen dituzte. Izan ere, garrantzi handiko aktoreak dira mikroorganismoak lurzoruko funtzioen gauzatzean, bertako aktibitate biologikoaren %70-85en erantzuleak baitira. Lurzoruko mikroorganismoen dibertsitate ikaragarriaren adibide bat ematearren, eskukada bakarrean 10.000 espezietako 100 bilioi bakterio edo 500 espezie baino gehiagoko 50 km onddo aurki daitezke.
Terapia
Sintoma eta neurketetan oinarrituta gaixotasuna "diagnostikatu" denean, "terapia" bat aplika daiteke. Aldi berean, gaixotasunaren eboluzioa monitorizatzeko programa bat ezarri behar da, tratamenduaren efikazia ezagutu ahal izateko (bioadierazle gisa lurzoruko propietate mikrobiologikoak erabiliz). Azken urteotan, teknologia biologiko berritzaileen garapena bultzatu da, metalez kutsaturiko lurzoruak merke erremediatu ahal izateko. Esaterako, 80ko hamarkadan lurzoru kutsatuetako metalak erauz ditzaketen landareak erabiltzeko aukera proposatu zen. Ingurunetik kutsatzaileak kendu edo indargabetzeko landareak erabiltzeari fitorremediatze deritzo. Fitorremediatzearen barruan zenbait kategoria daude:
Fitoerauzketan, landareak erabiltzen dira kutsatzaileak lurzorutik erauzteko. Etengabeko fitoerauzketan metalen hiperakumulatzaile diren landareak erabiltzen dira, hazkuntza-ziklo guztian zehar metal-kantitate altuak jasateko eta metatzeko gai direnak. Mota honetako espezieen artean ezagunenetarikoa Thlaspi caerulescens izenekoa dugu. Euskal Herrian ere bada landare berezi honen barietaterik (Lanestosa izenarekin); hosto eta zurtoinetan bere pisuaren % 2,5 adina zink eta %0,02 adina kadmio metatzera irits daiteke.
Zoritxarrez, landare hiperakumulatzaile gehienak ( T. caerulescens barne) hazkuntza geldokoak eta tamaina txikikoak dira, eta, gainera, ez daukate laborantza-praktika arauturik. Beste landare batzuek, berriz, metal-metaketa txikiagoa dute, baina hazkuntza-tasa handiagoarekin konpentsatzen dute. Horregatik, biomasa altuko laboreak gero eta gehiago ikertzen dira fitoerauzketan erabiltzeko. Beharbada, fitorremediatzea bera balio gehigarri bat emango dion produktuen lorpenarekin konbinatzen duen estrategia izango da epe luzera, komertzialki etorkizun oparoena izango duena. Adibidez, basartoa bioetanolaren produkziorako labore energetiko moduan erabil daiteke. Azkenaldian puri-purian dagoen elikagaia vs bioerregaia eztabaida saihestu liteke lurzoru kutsatuak (elikagaiak hazteko egokiak ez direnak) biomasa energetikoaren ekoizpenerako erabiliko balira.
Bestalde, badira landareentzako eskuragarritasun urriko metalak, hala nola beruna. Kasu hauetan, lurzorura agente kelatzaileak gehituta landareen xurgapena handitzen zela aurkitu zuten, eta ikerketarako ate berri bat ireki zen horrela, "kelatzaile bidezko fitoerauzketa"-rena. Metalekin batera konplexuak eratzen dituzten substantziak dira agente kelatzaileak, lurzoruari gehitzean metalen eskuragarritasuna handitzea lortzen dutenak. Alabaina, kontuan eduki beharrekoak dira kelatzaileek beraiek lurzoruaren osasunean izan litzaketen efektuak. Orain arte gehien erabili den kelatzailea EDTA (azido etilendiamintetraazetikoa) izenekoa da. Zoritxarrez, EDTAk berunarekin eratzen duen konplexuak biodegradazio-tasa baxua eta disolbagarritasun altua du; hala, bada, arrisku handia dago landareak xurgatu baino lehen lixibiatzeko. Azken aldian, ordea, erraz biodegradatzen diren eta lixibiazio gutxiago eragiten duten EDDSa (azido etilendiamina-N,N´-disukzinikoa) eta antzeko kelatzaile naturalen erabilera proposatu da.
Fitoerauzketa etorkizun handiko teknologia baldin bada ere, egun dagoen garapen-maila kontuan hartuta, beste erremediazio-teknika batzuekin baino epe luzeagoak behar dira, prozesua aurrera eramateko. Batez ere kutsadura-maila altuak dituzten lurzoruetan (meatze batean, adibidez), alternatiba errealistago bat fitoegonkortzea deritzona da. Fitoegonkortzearen bidez kutsatzailearen immobilizazioa bilatzen da, bai landarearen sustraietan metatuz, bai sustrai-ingurunean hauspearaziz. Honela, kutsatzailea lurzoruan gelditzen da, baina erosio eta lixibiazio bidezko migrazioa ekiditen da behintzat. Are gehiago, fitoegonkortzea medeatze organikoekin konbina daiteke. Medeatze hauek lurzoruaren propietateak hobetzen dituzte, gehiegizko metalei atxikiz eta landareak elikagaiez hornituz. Interes handikoa da, aldi berean, medeatze organiko gisa hondakinak ( e.g., behi-minda) erabiltzea landareei balioa emateko, beti ere lurzoruaren osasunerako kalterik ez badakarte.
Gauzak horrela, badirudi erremediazio-estrategia egokiena tokian tokiko egoeraren araberakoa izango dela. Kontuan hartu beharko dira lurzoru horren etorkizuneko erabilera, kutsadura-mota eta maila, etab. Edonola ere, nabarmendu beharra dago edozein fitorremediatze-prozesuren gorengo helburuak kutsatzailea ezabatzea ez ezik, lurzoruaren osasuna berreskuratzea ere izan behar duela; baliabide honek funtzioak modu iraunkorrean burutzeko duen ahalmena berreskuratzea, alegia.
Sendaketa
Azkenik, beharrezkoa da gaixotasunaren garapenaren monitorizazioan erabilitako parametroentzat erreferentziazko balio batzuk ezartzea, lurzoruak osasuna berreskuratu duen ala ez zehazteko. Zoritxarrez, ekosistema edafikoa ikaragarri konplexua eta heterogeneoa da espazioan/denboran, eta zaila da lurzoru baten egoera osasuntsua zein den zehaztea.
Bukatzeko, jakina da medikuntzak giza gorputzaren fisiologiaren ezagutzan sakontzea ahalbidetu duela historian zehar. Era berean, interes handikoa da lurzoru kutsatuak aztertzea, orain arte ezezaguna izan zaigun ekosistema edafikoaren funtzionamendua ulertzen saiatzeko.
BERRILUR Partzuergoari, doktore-tesian lurzoru-medikutara jolasten laguntzeagatik, eskerrik asko.
BIBLIOGRAFIA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia