}

Sendabelarrak: Naturaren farmazia aberatsa

2001/05/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan, egunero sortzen diren aurrerapen teknikoak beso zabalik hartzearekin batera, naturak eskaintzen duenari berriro arreta jartzeko joera zabaltzen ari dela dirudi. Horregatik, nekazaritza ekologikoa, produktu biologikoak eta antzeko gaiak gero eta indar gehiago ari dira hartzen.

Sendabideekin ere antzekoa gertatzen da eta, medikuntza ofizialaz gain, beste medikuntza-mota batzuk bilatzen dira; horien artean, gaixotasunak sendatzeko sendabelarrak erabiltzea da.

Ebaki-belarra. Izenak dioen bezala, belar hau zauriak ixteko erabiltzen da.

Izan ere, Euskal Herrian betidanik erabili izan ohi dira eta, zorionez, belarrak bereizi eta horien ezaugarriak, erabilera eta eraginak ongi ezagutzen dituen jendea badago oraindik.

Landare batzuek zenbait gaixotasun sendatzen laguntzen duten osagaiak dituztela ukaezina da eta, kasu askotan, farmazia-industriako sendagaiek landaretatik ateratako osagai aktiboak dituzte. Izatez, gaur egun erabiltzen diren farmazia-produktuen erdiak iturri naturaletatik lortzen dira. Agian, adibide ezagunena aspirina da, jatorriz sahatsaren azalean eta hostoetan dagoen osagaia baita. Bayer farmazia-industriak aspirina merkaturatu aurretik, mina arintzeko eta sukarra jaisteko, sahatsaren zati horiek egosi eta belar-ura moduan hartzen ziren hainbat tokitan. Beste adibide bat kina zuhaitzetik lortzen den kinina da, gaur egun ere malariaren aurka herrialde askotan erabiltzen dena. Orain, IHESa, Alzheimerra eta minbizia bezalako gaitz larri eta zabalduen aurkako borrokan, mundu osoko ikertzaileek iturri naturaletara jo dute, irtenbidea landareetan edo animalietan egon daitekeelako.

Egun botika ugari iturri naturalak erabiliz egiten da.

Hala ere, hainbat sendagilerentzat landare bidezko sendabideak oso arriskutsuak dira eta farmazia-produktuak hobesten dituzte. Sendagile horiek diotenez, farmazia-produktuetako osagaien kontzentrazioak ondo neurtuta daude eta, horrela, gaixoari ematen zaion kantitatea zehatz-mehatz ezagutzen da. Bestetik, sendabelar gehienetan, osagai aktiboa besterik ez da identifikatu. Horregatik, litekeena da ezagutzen ez diren osagaien artean, batzuek osagai aktiboaren aurkako eragina izatea eta, beraz, sendatzeko prozesua eragoztea edo albo-ondorio kaltegarriak sortzea. Horretaz aparte, sarritan entzuten da gai naturalek ez dutela kalterik eragiten. Alabaina, hori gezurtatzen duten landare toxiko eta hilgarri asko daude.

Hori guztia kontuan izanda ere, medikuntza tradizionalean sendabelarrek duten lehentasuna nabaria da. Horrela, 70eko hamarkada inguruan, herrialde garatuetako gizartea eta bizimodua zalantzan jartzen hastearekin batera, beste kulturetara begiratu eta haien aberastasunak onuragarriak izan zitezkeela pentsatzen hasi ziren. Mundu mailako erakundeak ere milaka urtetan esperientzia bidez bildutako jakinduriaren garrantziaz jabetu ziren eta ordura arte ahaztua edo baztertua egon zen medikuntza tradizionalari arreta jarri zioten.

Esate baterako, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), 1978ko Alma-Atako deklarazioan sendabide tradizionalen erabilera gomendatu zuenetik, sendabelarren balioa baieztatzen duten hamaika txosten, azterketa eta ebazpen argitaratu ditu.

OMEren definizioaren arabera, gaur egungo medikuntzaren aurretik, osasuna zaintzeko eta gaixotasunak sendatzeko zegoen era da medikuntza tradizionala. Beraz, gizarte-talde bakoitzaren beharrei erantzuna emateko mendez mende garatu diren sendabideak biltzen ditu, hau da, akupuntura, erditze-laguntza tradizionalak, sendagile mentalen lana eta sendabelarren bidezko medikuntza. Horrela, medikuntza tradizionala aztertzeko idazkaritza berezi bat sortu zuen eta, 1991n, 44. biltzarrak "kalterik egiten ez duten, eraginkorrak eta zientifikoki baliagarriak" diren tratamendu tradizionalen erabilera bultzatzeko ebazpena hartu zuen.

Txinan eta Japonian, farmazia-produktuak baino sendabelar gehiago hartzen dira.

Lekuko ohiturek eta sinesmenek osasun-zaintzan duten garrantzia funtsezkoa da, baita herrialde garatuetan ere. OMEk bildutako datuek diotenez, Txinan hartzen diren sendagaien % 60 sendabelarrak dira; eta Japonian, sendabelarrekin egindako botikak farmazia-produktuak baino gehiago hartzen dira. Estatu Batuetan, aldiz, indiarrek betidanik ezagutu dituzten sendabelarrak, orain, pilula edo edari moduan, farmazietan eta denda arruntetan daude salgai.

Afrikan, sendabelarren erabilera oso zabaldua egoteaz gain, esportzeko ere biltzen dira. Horietatik eratorritako osagai aktiboak hainbat gaixotasunen aurka erabiltzen dira Europan eta Ipar Amerikan. Hego eta erdialdeko Amerikan ere antzekoa gertatzen da, hau da, milaka urtetan bertan erabilitako landareak, orain mundu osora zabaldu dira.

Bestalde, OMEk garapen-bidean dauden herrialdeetan medikuntza tradizionalaren erabilera hobesten du, farmazia-industriak ekoitzitako sendagaiak hartzea baino merkeagoa, eskuragarriagoa eta, kasu honetan, eraginkorragoa delako.

UNESCOk ere antzeko jarrera azaltzen du eta, adibidez, 1996ko osasun-zaintzari buruzko arautegian, sendabelarrak aipatzen ditu eta osasun-zaintzan kultura askotan duten garrantziagatik babesteko beharraz ohartarazten du. Landare bidezko sendabideak gordetzea beharrezkoa da tokiko kultura errespetatu eta babesteko.

Baina, UNESCOk farmazia-industriek sortzen duten arriskua ere kontuan hartzen du. Izan ere, farmazia-produktuak egiteko behar dituzten osagai aktibo batzuk landareetatik ateratzen dituztenez eta beren biltze-sistema dela eta, kasu batzuetan hainbat landare desagertze bidean daude edota landare horien dibertsitate genetikoa urritu dute. Naturaren farmazia ez da agortezina.

Maraiko sendabelarrak

Euskal Herrian betidanik erabili izan dira sendabelarrak eta aberastasun hori desagertu ez dadin, dakitena idatzi eta Internet bidez zabaltzen dihardutenak ere badaude; Oiartzungo Marai baserriko Maria Jesus eta Pepita ahizpak, esaterako.

Dakiten ia guztia gurasoengandik eta inguruko jendearengandik jaso dutela diote, nahiz eta belarren ezaugarriak ongi ezagutzeko eskarmentua ere beharrezkotzat jotzen duten.

Bi ahizpek diotenez, "inguruko jendeak ongi ezagutzen gaitu. Batzuk belar jakin baten bila etortzen dira eta beste batzuk, berriz, beren gaitza sendatzeko zein tratamendu egin behar duten galdetzera". Sendabelarren eragina ez dago zientifikoki frogatua, baina erremedio horiei esker jende asko sendatu dela diote. Ingurukoek ezagutzen dituzte eta beraiek emandako ezerk ez diela kalterik egingo badakitenez, fidatu egiten dira.

Zer sendatzeko?

Iruntzi-belarra edo berbena. Hainbat eratara prestatuta, gaitz asko sendatzeko erabiltzen da.

Batez ere infekzioak, zauriak, tentsio altua, gehiegizko kolesterola, diabetea, zizareak, gibeleko gaitzak, giltzurrunekoak, katarroa, hanturak, mina, etab. sendatzeko baliatzen dira beren belardietako belarrez. Ia denetarik sendatzen dute, baina ongi dakite kasu batzuetan sendagilearengana joatea beharrezkoa dela, adibidez, ebakuntza egitea beharrezkoa den kasuetan.

Hala ere, beren ustez medikuntza ofiziala eta sendabelarrak ezin dira alderatu. "Belar batzuekin lortzen dena, sendagileak ezin du egin; eta alderantziz, badira belarren bidez sendatu ezin diren gaitzak. Beraz, osagarriak dira. Sendagileek gaitza kolpetik mozten dute, baina gorputza bere onera ekartzeko onena sendabelarrak dira. Horien eragina beste botikena baino mantsoagoa, motelagoa bada ere, gorputza guztiz osatzen dute". Gainera, bi ahizpek azaldu dutenez, zenbait gaitz sendatzeko sendagilearen tratamendua jarraitu behar denetan ere, gorputza erabat osatzeko belarrak hartzea komeni da. Azken finean, belar-urak badu zerbait ona: behar bezala hartuz gero, ez duela kalterik egiten eta sendagileak emandako botikekin batera har daitekeela.

Nolanahi ere, sendabelarrak edo farmaziako botikak izan, tratamenduak norberari mesede egingo diola sinestea oso garrantzitsua dela diote. Ez bada sinesten, eragin gutxiago egingo omen du eta tratamendua egokia izan arren, ez omen da sendatzen.
Ez da edozein hartu behar

Ongi ezagutzen diren belarrak soilik erabili behar dira. Belar bakoitzaren eragina eta sor ditzakeen arazoak ondo baino hobeto ezagutu behar dira. Bi ahizpek kontuz ibiltzeko gomendioa ematen dute: "Ez da sekula ahantzi behar sendabelar batzuk, gehiegi hartuz gero, heriotza eragin dezaketela". Horregatik, zenbat egunetan hartu behar den eta gorde beharreko atseden-tarteak errespetatzea oso garrantzitsua da.

Sendabelarrak ezagutzea, ordea ez, da nahikoa, belar-urak eta enplastuak prestatu baino lehen belarra ongi idortzen jakin behar baita. Horretarako, etxe inguruko belarrak bildu eta ilunpean, toki lehorrean eta egurastuan lehortu behar izaten dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia