Seigarren zaporea
2005/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orain dela urte batzuk arte, zientzialariek uste zuten gure dastamen-zelulek lau zapore besterik ez zutela bereizten: gazia, mingotsa, gozoa eta garratza. Lau zapore horien errezeptoreak mihiaren alde desberdinetan daude: gozoa hautematen dutenak mihi-puntan; alboetan eta azpialdean, garratzarenak; ertzetan, gaziarenak; eta mihiaren atzealdean, eztarritik gertu, mingotsarenak. Horregatik, kafea azukrez gozatuta dagoen jakiteko, nahikoa da mihi-puntaz ukitzea, baina ez dugu jakingo zenbateraino den mingotsa, likidoa ia eztarrian izan arte.
Gerora, baina, zientzialariak konturatu ziren beste zapore baten errezeptoreak ere bazeudela mihian: umami zaporearenak, hain justu. Janari proteinikoek eta hartzitutakoek dute umami zaporea, eta, batez ere, glutamato monosodikoak. Umamia ohikoa da ekialdeko sukaldaritzan, soja-saltsak umami zapore handia baitu. Glutamatoa, berriz, asko erabiltzen da hemen prestatutako jakietan, zapore-indartzaile gisa. Hain zuzen, glutamatoak dira gehigarrien zerrendako E-621etik E-625erakoak.
Baina, Frantzian egin berri duten ikerketa baten arabera, litekeena da are gehiago luzatzea dastamen-errezeptoreen zerrenda. Izan ere, saguek gantzaren errezeptore bat dutela ikusi dute Borgoinako Unibertsitateko ikertzaileek.
Gantzaren errezeptorea
Orain arte zabalduta zegoen ustearen arabera, gantzaren sentsazioa ukimenaren bidez hartzen zen batez ere. Baina, Frantziako ikertzaileek uste dute berariazko errezeptore bat dugula gantzarentzat. Behintzat, saguek badute errezeptore hori, eta oso litekeena da gizon-emakumeok ere izatea, gainerako dastamen-errezeptoreak berdinak baitira bi espezieetan.
Horretaz gain, ikertzaileek uste dute errezeptorea gakoa izan daitekeela ulertzeko zergatik duten batzuek janari gantzatsuekiko grina, edota zergatik duten batzuek gizentzeko joera.
Ikertzaileek saguekin egin dute ikerketa, eta gantz-ehunean dagoen errezeptore bati erreparatu diote. Ikertzaileek frogatu dute gantz-ehunean ez ezik beste zenbait ehunetan ere badagoela errezeptorea, besteak beste, mihian.
Errezeptorea gantzaren zaporea hartzeko erabiltzen dela ere frogatu nahi zuten, eta, horretarako, errezeptorerik gabeko saguak hazi zituzten. Gero, aukeran jarri zieten ohiko menua eta janari gantzatsua. Eta, nonbait, ez ziren gai bien arteko aldea bereizteko, berdin jan baitzuten batetik zein bestetik. Sagu arruntek, berriz, ohiko menua baino hiru aldiz gehiago jan zuten gantz ugari zuena.
Gantzarekiko grina
Ikertzaileek errezeptorearen funtzioa aztertu dute, eta ikusi dute seinale bat igortzen duela gantza detektatzean. Ondorioz, gantzak digeritzeko mekanismoa martxan jartzen da. Hurrengo pausoa hori guztia gizakietan aztertzea da. Horri esker, ikertzaileek espero dute argitzea zergatik batzuek besteek baino gustukoagoak dituzten janari koipetsuak edo gantzatsuak.
Hori gutxi ez eta, errezeptorea blokeatzen duen konposatu bat asmatzea proposatu du beste ikertzaile batek. Horren bidez, zabor-janaria jateko grina kentzea espero du. Hori bai, dastamenaren kaltetan izango da. Orduan ere aukera egin behar: osasuna ala plazera.
7K-n argitaratua.