
Saturnoren eraztunetan orbanak ageri dira zenbaitetan, hatz handi batek eraztun distiratsuak zikindu izan balitu bezala. Orbanok azaltzen direnean, pixkanaka sortu, eta ordu batzuen buruan desagertu egiten dira. Ikertzaileek argi dute eraztunetako hauts-aleek sortzen dituztela orban horiek; argitu nahi dutena da nola sortzen diren.
Aurkeztu duten azkeneko teoriak dio Saturnoren atmosferan gertatzen diren ekaitz elektrikoek eragiten dituztela. Badakite Saturnon ekaitzak izaten direla, eta sortzen diren tximistek Lurrekoek baino hamar mila aldiz energia gehiago dutela. Teoria horren arabera, tximistek Saturnoren gainazala jotzen dutenean, elektroi-sortak ateratzen dira planetatik kanpora. Eraztunekin talka egiten dutenean, elektroiek hauts-aleak elektrikoki kargatzen dituzte eta zorrotadaka ateratzen dira eraztunetatik, aldarapen elektrostatikoaren eraginez.
Hala ere, teoria horrek badu alde ilun bat: inoiz ez da ikusi Saturnon ekaitzek eragindako elektroi-sortarik. Horregatik, oraingoz ideia bat baino ez da.
Argazkia: NASA
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







