}

Sarri egindako ekografien eraginak haurdunaldian

1994/03/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Praktika klinikoan ultrasoinuak (ekografia egiteko erabiltzen dira) erabat onartzen dira eta frogatua dago haurdunaldiko 16-20. aste-bitartean emakume guztiei eginez gero hilkortasun perinatala murriztu egiten dela; fetu edo umekiaren malformazioa atzemateko duen ahalmenagatik gehienbat. Horrez gain zenbaitzuek umekiaren adina zehazteko balio duela ikusi dute; umetokiaren barruko hazkundearen arazoak atzemateko, etab.

Ultrasoinuak erabiltzen dituen Doppler teknologiak plazentako odol-zirkulazioari buruzko informazioa ere ematen digu eta beste datu kliniko eta biometrikoekin batera balio dezake umeki bat txikia zergatik den jakiteko; faktore genetikoengatik den ala umetoki barneko patologiagatik den jakiteko, alegia.

Ultrasoinuak sarri erabiltzeak ez ditu haurdunaldiko emaitzak hobetzen, ikerketa honetan erabilitako parametroen arabera.

Australiako mendebaldeko ospitale batean ikerketa bat egin dute ultrasoinuak sarri erabiltzeak haurdunaldian eduki ditzakeen eraginak aztertzeko. 2.834 emakume hartuta 2.801etik bildu ahal izan zen informazioa. Bi taldetan banatu ziren:

  • A taldea: haurdunaldiaren 18. astean ekografia egin zitzaien. Talde honetan 1.419 emakume sartu ziren.
  • B taldea: ekografia eta Doppler bat egin zitzaien haurdunaldiaren 18, 24, 28, 34 eta 38. asteetan. Talde hau 1.415 emakumek osatu zuten.

Bi taldeak konparagarriak ziren emakumeen adinari, pisuari, arrazari, aurretiko haurdunaldiei, tabakoari eta abarri zegokienez.

Emaitzei dagokienez, honakoa frogatu dute: jaiotza ondorengo ospitaleratze-egunen kopurua bi taldeetan berdina zela, fetua heldu baino lehen izandako erditzeak kopuruz antzekoak izan zirela eta aztertutako beste faktore askotan diferentziarik ez zela agertu: Apgar sailkapenean, ardura intentsiboak erabiltzean, oxigenoa erabiltzean, haurdunaldiko adinean, alterazio kongenitoetan, eta abarretan. A taldean 10 heriotza neonatal izan ziren eta B taldean 3.

Jaio berrien pisua normala den jakiteko, perzentil batzuekin konparatzen da. Ikerketa honetan 10 eta 3 perzentilen azpitik ume gehiago agertu ziren B taldean eta diferentziak esangura estatistikoa zuen. Hala ere, B taldeko umeek batezbeste A taldekoek baino 25 g gutxiago besterik ez zuten pisatu. Perzentil horien azpitik agertzeko arrisku handiagoa zekarten beste faktore hauek ere: jaiotza-uneko haurdunaldiko adinak, gurasoak erretzaile izateak, interbentzio obstetrikoak eta amaren adinak.

Ikerketa burutu duten medikuek honako ondorio hauek atera dituzte:

  • Ultrasoinuak sarri erabiltzeak ez ditu haurdunaldiko emaitzak hobetzen, ikerketa honetan erabilitako parametroen arabera.
  • A taldean 10 heriotza neonatal agertzea (gehienak alterazio kongenitoengatik) B taldeko 3 heriotzekin konparatuz, zorizkoa dela uste dute arrazoi hauek medio: kasu gutxi direlako, morbilitate neonatala bi taldeetan antzekoa izan zelako eta hildako fetu horietan hazkundearen murriztaldirik ez zegoelako.
  • B taldean pisuaren perzentil baxuen azpitik haur gehiago agertzeak eta gero bi taldeen arteko batezbesteko pisuaren diferentzia hain txikia izateak, fetu guztiek ez dutela pisua galtzen baina hauetako zenbait oso perzentil baxuekin jaiotzen dela esan nahiko luke.
  • Beraz ultrasoinuak haurdunaldian informazio klinikoa osatzeko beharrezkoa denean bakarrik erabili behar direla pentsatzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia