Sarraskijale handiak galtzeak giza osasunerako dakarren arriskuaz ohartarazi dute

2025/06/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sarraskijale-handiak-galtzeak-giza-osasunerako-dak
Zopilote indiolarrak sarraskijaleak dira. Arg. Maya Xu

Ikerketa batek agerian jarri du sarraskijale ornodunen heren bat baino gehiago arriskuan daudela, bereziki kate trofikoaren gorenean daudenak. Espezie horien galera giza osasunerako arriskutsua izan daitekeela ohartarazi dute, eta Osasun Bakarra estrategiaren balioa goraipatu dute.

Ikertzaileek gogora ekarri dute hildako animalien gorpuak ingurunetik kentzeak gaitzak prebenitzen dituela, baina lan zaila eta garestia dela. Animalia sarraskijaleek berez egiten dute lan hori; beraz, onuragarriak dira gizakiarentzat eta ekosistementzat. Geografikoki eta filogenetikoki oso banatuta daude (200 familia baino gehiago dira), baina haietatik % 36 arriskuan daude, edo haien populazioa murrizten ari da. 

Hain zuzen, IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen zerrenda gorrian dauden 1.376 espezie sarraskijaleak aztertu dituzte, bai lur lehorrekoak, bai urtarrak (ur gezakoak eta itsasokoak), eta bakoitzaren hedapena, kontserbazio-egoera eta zerbitzu ekosistemikoak analizatu dituzte. Sarraskijale handiak daude egoera larrienean, hala nola punta zuriko marrazo ozeanikoa. Aitzitik, animalia txikiak eta denetarik jaten dutenak ugaritzen ari dira; adibidez, karraskariak. Ikertzaileek iradoki dute, sarraskijale handiek gaitzak prebenitzen laguntzen badute ere, txiki horiek kontrakoa egiten dutela.