}

Saridunekin solasean

2003/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1. saria:
Kalamua: maria-ren sekretua
Egileak: Joseba Gotzon Pineda, Aitziber Mendiguren eta Jose Angel Ruiz

Kalamua gai erakargarria da askorentzat. Nolatan aukeratu duzue gai hori artikulurako?

Guk kalamuari eta beste droga batzuei buruzko ikerketa farmakologikoak egiten ditugu, eta gaia puri-purian dagoela iruditzen zaigu. Beraz, ikuspuntu horretatik jorratzea merezi zuela erabaki genuen.

Zer da artikuluan azaldu nahi izan duzuena?

Batez ere, kalamuaren medikuntza-alderdia, hau da, ezaugarri farmakologikoak eta azpian dauden mekanismo farmakologikoak azaltzea izan da gure asmoa; hori dena, zientifikoki tratatuta.

Kalamuak baditu medikuntzan erabiltzeko moduko propietateak?

Poly fotografos

Bai, badauzka, eta asko ikertzeko badaude ere, beste batzuk oso argi daude. Adibidez, antiemetiko bezala erabiltzen da toki batzuetan, kimioterapiak eragindako gorakoak saihesteko. Hala ere, horretarako ez da kalamua bera erabiltzen, baizik eta kalamutik eratorritako konposatu kimiko bat. Medikuntzarako erabilgarriak izan daitezkeen beste hainbat propietate ere ari dira zientzialari batzuk; endekapen-gaixotasunak edota Parkinson-en gaixotasuna tratatzeko, besteak beste.

Eta albo-ondorioak?

Ezin da ukatu albo-ondorioak dituenik. Larriena eta nabarmenena menpekotasuna da, eta bestelako ondorio kaltegarriak ere antzeman zaizkio. Horregatik aztertu behar dira alderdi guztiak.

Nondik doaz gaur egungo ikerketak?

Ikerketa ugari egin dira saguekin, arratoiekin eta beste animaliekin, baina gizakiarekin egitea falta da. Horren atzean, gizarteak kalamuari buruz duen irudia dago. Izan ere, drogatzat hartzen du; ondorioz, ez du oso begi onez ikusten, eta horrek ikerketetan ere eragiten du.

Orduan, zuen ustez, mereziko luke drogatzat tratatu ordez beste edozein substantzia kimiko bezala tratatzea?

Noski, gu horren alde gaude. Gainera, beste droga batzuekin hala egiten da: morfina droga bat da, baina oso mesedegarria da kasu batzuetan eta medikuntzan erabili egiten da. Beraz, zergatik ez marihuana edo antzeko beste droga bat? Kontua da ondo ezagutu behar direla eragin eta mekanismo farmakologikoak, erabilera segurua eta eraginkorra bermatzeko. Hori ziurtatuz gero, ez luke bestelako eragozpenik egon behar.

2. saria:
Nafarroa Garaiko pagadiak: poluzioaren atzaparretatik ihes egin ezin duen altxorra
Egilea: Gustavo Amores Olazagirre

Poly fotografos

Zergatik aukeratu duzu gai hori artikulua egiteko?

Gaia interesgarri iruditzen zait, Euskal Herriko arazo bati buruzkoa delako. Gainera, tesia horri buruz egin nuen, baina gaztelaniaz, eta euskaraz argitaratzeko gogoa nuen.

Zein iritzi duzu hemen eta gaur egun egiten den zientzia-dibulgazioari buruz?

Nire ustez, jendeari interesatzen zaio zientzia, baina agian ez daki gauza gehiegi gai horietaz. Horregatik, beharrezkoa ikusten dut zientzia kalera hurbiltzea, eta hori lortzeko lan gehiago egin beharko litzateke.

3. saria:
Kleopatra, perlak eta luxua
Egileak: Itxaso Apraiz eta Ohiane Lakar

Poly fotografos

Zergatik aukeratu duzue gai hori artikulua egiteko?

Azkenaldian gai horrekin ari ginen lanean, eta gustatzen zitzaigunez, aurrera egitea erabaki genuen. Hala, lana pixka bat osatu eta aurkeztu egin genuen.

Zein iritzi duzue hemen eta gaur egun egiten den zientzia-dibulgazioari buruz?

Euskal Herrian badaude zenbait zientzia-dibulgatzaile, baina ez dira gehiegi. Hala ere, gero eta gehiago izango direla iruditzen zaigu, eta espero dugu gu bezala jende gehiago animatzea. Izan ere, lan txikiekin bide zabala egin daiteke pixkana-pixkana.

Sari berezia:
Naturaren seme ezkutuak
Egilea: Gorka Azkune Galparsoro

Poly fotografos

Zergatik aukeratu duzu gai hori artikulua egiteko?

Batez ere, gertutik ezagutzen dudalako, eta, jendeari begira, zulo beltzen misterioa askori interesatzen zaiola uste dudalako. Askotan aipatzen dira zulo beltzak, baina agian zertaz ari garen gehiegi jakin gabe.

Zein iritzi duzu hemen eta gaur egun egiten den zientzia-dibulgazioari buruz?

Nik nahiko iritzi ona daukat. Lan dezente argitaratzen direla iruditzen zait, liburu interesgarriak kaleratzen dira... Beharbada, euskaraz ez daude hainbeste, baina denborarekin gehiago izango direlakoan nago; beraz, egoera nahiko ona dela uste dut.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia