Sarean, harrapatuta ala aske?
2000/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Ba al dago pribatutasunik sarean? Internet-eko zerbitzari orok badu bere log edo erregistro-sistema osoa. Log horrek erabiltzaile guztien bisitak erregistratzen ditu, eta zerbitzarira iristen den bisitari bakoitzeko testu-lerroa idazten du. Jende asko biltzen duten webguneetako log-artxiboak tamaina handikoak izaten dira. Webguneetako administrariek legez behartuta daude artxibo horiek guztiak gordetzera, horrela, delitu informatikoren bat gertatzen denean, epaileek artxibo horiek eska ditzakete.
Baina, epaileez gain, jende askok eskura dezake informazio guztia. Enpresa askotako marketing- eta publizitate-sailek -propio horretarako diren programa informatikoak erabilita- bisitarien estatistikak eskura ditzakete eta bisitarien gustuak ezagut ditzakete. Sarean ez dago pribatutasunik, guztia erregistratzen da. Ez duzula sinesten? Bisita ezazu honako helbide hau, eta ikusiko duzu: http://privacy.net/anonymizer/.
Konturatu zara, ezta? Izan ere, sarean sartu ahal izateko, internauta edo ordenagailu bakoitzari IP helbidea edo kodea ematen zaio. Kode horrek ordenagailu bat identifikatzen du, ez besterik. IP helbideak puntuz bereiztutako zenbaki-multzoak izaten dira, era honetakoak: 254.456.345.456. Hori izaten da zerbitzariek biltzen duten informaziorik garrantzitsuena; datarekin eta ordu zehatzarekin batera, erabiltzailea identifikatuta geratuko da. Dena den, kontua ez da hain erraza, IP helbideak aldatu egin daitezkeelako edo ordenagailu-multzo bati dagozkienak izan daitezkeelako.
Zerbitzarien log-etan ez ezik, IP helbideak posta elektronikoz bidalitako mezuetan edo berri-taldeetan edo eztabaida-foroetan ere erregistratuta geratzen dira. Hortaz, horrelakoetan kontuz ibili behar edozein iritzi edo informazio emateko orduan, uste baino errazago jakin baitaiteke mezuen edo iritzien emailea nor den. Izan ere, posta elektronikoko mezuetan zein berri-talde edo eztabaida-foroetatik erraz atera daiteke mezuen igorlearen IP helbidea. Mezulariaren IP helbidea agertzeko, Outlook Express-ekin adibidez, mezua irekitzea eta han Ctrl+F3 tekla sakatzea nahikoa da.
Arazoak, hala ere, ez du aparteko garrantzirik, norbaiten IP helbidea eskuratuta, gehienez mezua jarri duen internautaren ordenagailu-mota zein den jakin baitaiteke. Dena den, hori ez da ohikoa, asko jota konexioa egiteko zein hornitzailez baliatu den jakin ahal izango da-eta. Hori jakinda, igorlea zein ingurutakoa den jakin daiteke, gehiago ez.
Internet-en badira whois izeneko datu-baseak. Datu-base horiek telefono-aurkibideak bezalakoak izaten dira. Whois gunerik erabiliena RIPE ( http://www.ripe.net/cgi-bin/whois ) izenekoa da, Europako eta Afrika iparraldeko IP helbideen aurkibidea, alegia. Horrek huts egiten badu edo helbidea Hego edo Ipar Amerikakoa bada, ARIN ( http://www.ripe.net/cgi-bin/whois ) datu-basea erabil daiteke; Asiako whois-a, berriz, APNIC ( http://www.apnic.net/apnic-bin/whois.pl ) izenekoa da. Berez, datu-base horiek aurkibide hutsak besterik ez dira, baina tartean epaiak edo epaileen aginduak sartzen direnean, gauzak aldatu egiten dira, IP helbideak jakinda gauza gehiago ere jakin daitekeelako. Adibidez, posta bidez mehatxuz betetako mezua jasotzen dugu, 254.456.345.456 IP helbidetik jasota. Lehen aipatutako whois-etariko bat begiratuta, helbidea aurkitu eta IP hori Telekom-i dagokiola ikus genezake. Telekom-i mezua bidalita -edo epaiaren aginduz, behar izanez gero- enpresak IP helbide horren jabearen nortasunaren berri eman beharko liguke. Herrialde batzuetan, Espainian esate baterako, Internet-era egindako konexio guztien erregistroa izatera behartuta daude zerbitzariak. IP helbidea, konexioa zein egun eta zein ordutan izan den jakinda, konexioa egin duena nor izan den atera daiteke.
Lehen esan bezala, IP helbideak aldatu ere aldatzen dira, nahiz eta batzuk finkoak izan. Helbide finkoak normalean Internet-era konexio zuzena duten makinei ematen zaizkie, zerbitzariei adibidez. IP mugikorrak, berriz, konexioa egitean ematen dira eta konexiotik konexiora aldatu egiten dira. Beraz, bigarren kasu honetan, erabiltzaileren bat identifikatu ahal izateko, IP helbidearekin batera beharrezkoak dira konexio-eguna eta konexio-ordua jakitea. Gauzak apur bat gehiago zailtzeko, gerta daiteke enpresa jakin bateko ordenagailu guztiak Internetera irteteko IP helbide bera erabiltzea; horrela, hackerren bisitei aurre egitea errazagoa da.
IP helbideak jakiteaz gain, webgune batzuetan bisitarien gustuak jakiteko beste bide batzuk ere erabiltzen dira, hara sartzean automatikoki gure ordenagailura programatxoren bat jaisten duten webguneak, sartzeko klaberen bat eskatzen dutenak…. Beraz, ezin sarean lasai-lasai nabigatu, han ez baitago pribatutasuna gordetzerik. Edo, ba al dago? Beno, IP-a ezkuta genezake, zerbitzariari IP faltsua eman… Bada hainbat teknika gure helbidea gordetzeko eta beste norbaitena erabiltzea nabigatu ahal izateko, anonimoki nabigatzea alegia. Hori nola egiten den? Joan zaitez honako helbide honetara: http://www.anonymizer.com/ . Kontatuko didazu!
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia