Saharako hautsa Amazoniako oihanean
2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Amazoniako oihanarentzat ezinbestekoa da Saharako basamortutik datorren mineral-hautsa. Hauts horrek lurzorua aberasten duten mineral eta nutrienteak dauzka, eta horiek gabe Amazonia bera bihurtuko litzateke basamortu umel. Amazoniara iristen den hautsaren erdia Saharako toki jakin batetik datorrela frogatu dute lehen aldiz: Bodélé sakonunetik; sakonune hori basamortuaren %1 ere ez da.
Lehendi ere bazekiten Bodélé munduko hauts iturririk handiena zela, baina orain arte inork ez zekien zenbat hauts ateratzen zen handik, ez eta Amazoniara zenbat iristen zen ere. Hori jakiteko, hiru orduko aldeaz azalera berdinaren irudiak hartzen dituzten bi sateliteren datuak erabiliz haizearen abiadura eta hauts-kantitatea kalkulatu dituzte ikertzaileek. Hautsa ateratzen den egun bakoitzean batezbeste 0,7 milioi tonatik gora atera daitezkeela ikusi dute, eta neguan eta udaberrian beste urtaroetan baino gehiago ateratzen da.
Hautsaren garraiorako faktore garrantzitsuena haizearen abiadura omen da. Bodélé sakonunera iristeko, Tibesti eta Ennedi mendien arteko bailaran zehar datozen Harmattan haizeek kono-itxurako pasabide estu batetik pasatu behar dute, eta pasabide horrek, lenteak argiarekin lez, haizea indartu eta bizkortu egiten du Bodélérantz.
Oraindik badaude, hala ere, gai honen inguruko galderak: zenbat denbora darama sakonune horrek Amazoniara hautsa bidaltzen? Eta zenbat denboraz jarraituko du? Galdera horiei erantzuteko asmoz lanean dihardute gaur ikertzaileek.