Saguzarren maniobrak ikusgai
2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegaztiek eta saguzarrek ez dute modu berean hegan egiten. Hegoak astintzean egiten duten goranzko mugimendua, adibidez, ezberdina dute; hegaztiek lumak erabiltzen dituzte airearen kontrako erresistentziarik ez izateko, eta saguzarrek, lumarik ez dutenez, hegoak jarrera bertikalean jarri behar dituzte goranzko mugimenduan. Ez da oso konponbide aerodinamikoa, baina abantaila bat du: abiadura txikian erraz maniobratzen dute. Suediako Lund Unibertsitateko fisikari batzuek aurkitu dute zergatik.
Sekretua hegoek eragiten dituzten zurrunbiloetan dago. Saguzarraren hego bakoitzak gorantz mugitzean sortzen duen zurrunbiloak ez dio ia eragiten besteari. Nolabait esateko, hegoek bakarka funtzionatzen dute, eta, ondorioz, maniobrak egiteko gaitasuna oso handia da. Hegaztiek, aldiz, bi hegoak koordinatuta egiten dute hegan; aerodinamikaren ikuspuntutik, zurrunbiloen patroi oso eraginkorra sortzen dute, baina ezin dute hain erraz maniobratu.
Zurrunbiloei antzemateko, Lund Unibertsitateko fisikariek haize-tunel bat eta lainoa erabili dituzte. Haize-tunelean, eztia isurtzen duen iturritxo bat jarri dute, eta eztia jaten zuten bitartean neurtu dituzte saguzarrak. Adituek diote saguzarren hegan egiteko modua eta erleena antzekoak direla, baina, noski, ez da eztiaren kontuagatik; saguzar guztiek modu horretan egiten dute hegan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia