}

Saguzar hatzluzearen arrantzari so

2010/12/19 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain urte gutxi arte, Europan intsektujaletzat zituzten saguzar guztiak. Baina bada espezie mediterranear bat dieta-ohitura bitxiak dituena. Saguzar hatzluzea ( Myotis capaccinii ) da, arrainak harrapatu eta jaten dituena. Berriki, naturan nola ehizatzen duen ikustea eta grabatzea lortu da lehenbizikoz.
Saguzar hatzluzeak naturan nola ehizatzen duen ikustea eta grabatzea lortu da lehenbizikoz.
Joxerra Aihartza

Saguzar hatzluzea arrantzalea dela 2003an egiaztatu zen, espezie horren dieta-analisiak egiten ari zirela ikertzaileek haren gorotzetan arrainen ornoak eta ezkatak aurkitu baitzituzten. Valentziako hainbat lankiderekin duen harremanari esker, EHUko ikertzaile-talde batek aurkikuntza harrigarri hartan parte hartzeko aukera izan zuen. Valentzian ez ezik, Italian eta Palestinan ere beste horrenbeste ikusi zuten gerora.

Espezie horrek arrainak jaten dituela frogatu zuten hala, baina saguzarrek arrainak berez harrapatzen zituztela ere egiaztatu nahi zuten, eta, horretarako, esperimentu bat egin zuten 2005ean. Animaliak kontrolpean mantendu zituzten egun batzuetan, kaiola moduko denda batean, eta orduan frogatu zuten saguzar horiek arrain biziak harrapatu eta jateko gai zirela.

Kobazuloetan bizi diren espezieei dagokienez, arrisku-faktore nagusietako bat babesleku-galera da.
U.S. Fish and Wildlife Service Northeast Region

Orain, ordea, harago joan dira ikertzaileak. Naturan ere, mendian, saguzar hatzluzeak hori bera egiten duela ikusi dute: abiadura handiko bideoz eta infragorri bidez, ehiza-jarduera grabatzeko aukera izan dute (saguzarren ultrasoinuak ere erregistratuta gelditu dira). Gertuko hedabideek ez ezik, National Geographic ek eta antzeko argitalpen entzutetsuek ere eman dute horren berri. EHUkoen ustez, bildutako dokumentazio guztiak “makina bat informazio emango digu jokabide honen nondik norakoei buruz, bai ekologia mailan, bai animaliek dituzten moldapenei dagokienez ere”.

Berez, saguzar hauen dietaren oinarria ur-azalean dauden intsektuak dira. Baina, EHUko kideek aipatu bezala, badago jokamolde arrainjalea azaltzeko arrazoi ekologiko bat: “putzuak lehortzen ari direnean eta arrainak ur-azalean kontzentratzen direnean, baliabide hori eskuragarri bihurtzen da, eta ustiatu egiten dute”.

Hainbat espezie, arriskuan

Egun, Euskal Herrian 27 saguzar-espezie daude identifikatuta. Duela bi hamarkada eskas, ordea, ia ez zegoen haiei buruzko dokumentaziorik. Saguzarren jokamoldearen ekologia eta eboluzioa aztertzen duen EHUko ikerketa-taldeak 90eko hamarkadatik hona egindako lan oparoaren adierazle da hori. Joxerra Aihartzak, egungo taldeburuak, egin zituen lehen urratsak, EAEko saguzar-espezieen banaketaren atlasa osatzeari ekin zionean. Gerora, berriz, bederatzi biologo ere bildu zaizkio taldeari.

Ikerketa egiteko, irrati-telemetria baliatzen dute: animaliei irrati-emisore berezi batzuk jarrita lortzen dute haien jarraipena egitea.
U.S. Army Environmental Command

Aihartzaren ikerlanetik abiatuta, taldea habitat- eta dieta-hautespenen analisian espezializatu zen. Horretarako, irrati-telemetria baliatzen dute: animaliei irrati-emisore oso berezi batzuk jarri ostean, saguzarrak berriz ere kobazuloan askatzen dituzte. “Hurrengo gauean, bazkatzera doazenean, jarraitu egiten diegu. Hala, badakigu zenbat eta noiz mugitzen diren eta zein habitatetan bazkatzen diren”.

Saguzarren ekologia ezagutzeko kanpoan eta, batez ere, etxean egindako lan mardulari esker, saguzarrak galzorian jartzen dituzten arrisku-faktoreak identifikatzeko gai ere izan da EHUko taldea. Esaterako, badakite Euskal Herrian identifikatutako 27 saguzar espezieetatik gutxienez bi arriskuan daudela.

Kobazuloetan bizi diren espezieei dagokienez, adibidez, ikusi dute arrisku-faktore nagusietako bat babesleku-galera dela. Habitata ere funtsezko faktorea dela nabarmendu dute, saguzarrek intsektu-aniztasun eta -ugaritasun handia behar baitute bizirik irauteko. Horretan ere, gizakiaren jarduna kontrako noranzkoan doa: pinuaren kudeaketak eta pestiziden erabilerak (dimilina, besteak beste), adibidez, kalte handiak eragin ditu.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia