}

Saguzar hatzluzearen arrantza, kamerak harrapatuta

2010/11/25 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Saguzar hatzluzeak naturan nola ehizatzen duen ikustea eta grabatzea lortu da lehenbizikoz. Myotis capaccini espezie mediterranearraren dieta-ohiturak bitxiak dira oso. Europan intsektujaletzat zituzten saguzar guztiak, baina, 2003an espezie honen dieta-analisiak egiten ari zirela, hatzluzea arrantzalea zela egiaztatu zuten: haren gorotzetan arrainen ornoak eta ezkatak agertu ziren.

Valentziako hainbat lankiderekin duen harremanari esker, EHUko ikertzaile-talde batek aurkikuntza harrigarri hartan parte hartzeko aukera izan zuen. Valentzian ez ezik, Italian eta Palestinan ere beste horrenbeste ikusi zuten gerora. 2005ean, kaiola moduko denda batean esperimentu bat egin zuten, eta orduan frogatu zuten saguzar horiek arrain biziak harrapatu eta jateko gai zirela. Orain, berriz, mendian ere hori bera egiten duela ikusi dute ikertzaileek: abiadura handiko bideoz eta infragorri bidez, ehiza-jarduera grabatzeko aukera izan dute (saguzarren ultrasoinuak ere erregistratuta gelditu dira).

Berez, saguzar hauen dietaren oinarria ur-azalean dauden intsektuak dira. Baina, EHUko ikertzaileek diotenez, badago jokamolde arrainjalea azaltzeko arrazoi ekologiko bat: “putzuak lehortzen ari direnean eta arrainak ur-azalean kontzentratzen direnean, baliabide hori eskuragarri bihurtzen da, eta ustiatu egiten dute”.

Irudia: Joxerra Aihartza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia