}

Sagu-obuluak in vitro heltzea lortu dute

2002/08/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia


Ugaztun emeek, jaiotzen direnean, milioika obozito dituzte obulutegian. Horietatik, ehunka gutxi batzuk besterik ez dira heltzen. Heltze-prozesua oso konplexua da, baina, horri esker, ernaltzeko prest dauden obuluak lortzen dira.


Nature aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, orain zientzialariek sagu-obuluak laborategian heltzeko metodoa garatu dute. Japoniako Gunma Unibertsitateko Izudo Hatada ikertzaileak eta haren taldeak obulu heldugabeenetatik abiatuta egin dute saiakera, eta emaitza ezin hobea izan da: in vitro garatutako obuluak ernaldu ondoren, ondorengo osasuntsuak lortu dituzte.


Metodoa ez da erraza: 12 egun eta erdiko sagu-fetu bati obulutegia erauzi, obozitoak hartu eta in vitro hazi dituzte. 28 egun geroago, obozitoaren DNA helduta zegoen. Zelularen gainerako osagaiek, berriz, heldu gabe jarraitzen zuten. Horregatik, klonazioan erabiltzen den teknikaren antzekoa den prozeduraren bidez, heldutako beste obulu bati nukleoa kendu eta laborategian garatutako obozitoarena jarri diote. Ondoren, obulua in vitro ernaldu eta sagu eme baten uteroan ezarri dute. Azkenean, sagutxo osasuntsuak jaio dira.


Ikertzaileen esanean, teknika oso baliagarria izan daiteke minbizia duten neskatilentzat. Izan ere, kimioterapiak antzutu egiten du, baina egunen batean haurrak izan nahiez gero, tratamendua hasi aurretik obulutegiak erauzi eta gorde daitezke. Hartara, teknika horren laguntzarekin ondorengoak izan ditzakete. Gainera, obulutegian berez heltzen diren baino askoz ere obozito gehiago daudenez, obulu asko lor daitezke, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak salbatzeko edo klonazio-tekniken bidez genetikoki eraldatutako animaliak lortzeko ere interesgarria izan daiteke metodo hori.


Hala ere, gizakien obozitoekin gauza bera egiterako, oraindik bost bat urte beharko direla uste dute ikertzaileek, saguen obozitoak hilabete eskasean heltzen baitira, eta emakumeenak, aldiz, sei hilabete inguru behar dituzte heltzeko. Horretaz gain, ez litzateke harritzekoa izango alderdi etikoari buruzko eztabaida sortzea teknikak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia