Robotiker haririk gabe
2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2001-2004 eperako Robotiker zentro teknologikoak erronka handia du, haririk gabeko teknologia ikertzeko sail berria abian jarriko baitu. Horretarako, 2.500 milioiko inbertsioak egingo dira Zamudioko zentro teknologiko horretan, eta proiektuaren ondorioz 2004. urterako zentroko sail berrian 100 lagunetik gora izatea espero dute. Robotiker Wireless-en haririk gabeko teknologietan erreferente bihurtzeko asmoa du.
Aipatutako helburu horri begira, Robotiker Wireless-en bi ardatzetan oinarritutako proiektua jarri dute abian: batetik, haririk gabeko teknologia ezartzea produktu industrialei, sareetara konektatu ahal izan daitezen; bestetik, aldiz, Internet sareko eta enpresen barne-sareetako aplikazioak mugikorren arlora eramatea. Argi dago helburuak arras desberdinak direla.
Robotiker Wireless ez da zuzenean haririk gabeko teknologiaren balio-katean sartuko, ez da haririk gabeko ordenagailuak edo telefonoak egiten hasiko. Balio-kate horretako muturretako batean teknologiaren ekoizleak daude, tresnak egiten dituztenak: Ericsson, Alcatel, Nokia, Motorola eta abar. Kateko beste muturrean, berriz, erabiltzaileak daude, telelefono edo ordenagailu mugikorrak erosten eta erabiltzen dituztenak. Gehienetan tresna mugikor horiek ez zaizkie egileei erosten, operatzaileei baizik, Airtel-i, Amena-ri, Movistar-i eta abarri. Operatzaile horiek ere teknologia mugikorren balio-kate horretako partaide zuzenak dira. Duela gutxira arte, telefono mugikorren balio-katea hiru multzo horiek osatu dute, baina tresna mugikorretan edukiak sartzen hasi direnetik, balio-kate horretan ekintzaile berriak agertu dira. Horietako batzuk edukia jarri eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak dira, banketxeak, berri-agentziak, burtsa. Multzo horri dagokionez, sekulako iraultza espero da, Internet-en gertatu zen bezala. Horiekin batera, sistemen integratzaileak ere balio-katean sartuko dira; hau da, zerbitzuak eta edukiak jarri nahi dituenari, fisikoki jarriko dietenak. Une honetan ez dago sistemen integratzaile gehiegi, teknologia berria eta zaila delako, elektronika kontzeptuak menperatzea eskatzen duena, informatika-kontzeptuak.
Hori litzateke haririk gabeko teknologien balio-kate teorikoa, baina kate hori oraindik ez dago guztiz finkatuta. Beraz, Robotiker Wireless-ek sistemen-integratzaileei lagundu nahi die, diseinu eta irtenbide bereziak eskainita; baina baita edukiak jarri nahi dituztenei ere, aholkulari-lana, bideragarritasun-planak. Ekoizleekin eta operatzaileekin lan egitea ere bada Robotikerren asmoa; haiekin produktu auxiliarrak diseinatzeko, proiektu pilotoak garatzeko, eta behar berriak identifikatzeko. Aplikazioei dagokienez, haririk gabeko teknologiarekin ez da aparteko iraultzarik espero; Internet-en bezala, denbora-pasarako guneak eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak izango dira nagusi.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia