Robotikan ideia eta asmo berriak nagusi
2001/02/07 Elhuyar Zientzia
Robotak aspalditik erabiltzen dira, enpresetan, espazioan eta hain urrutira joan gabe etxeko sukaldean bertan. Bizitza asko arintzeaz gain, gizakiak egin ezin ditzakeen lanak egiten dituzte eta, alde horretatik, dudarik gabe, aurrerapen teknologiko handia dira. Hala ere, azken berrien arabera, ezin esan daiteke oraingoz robotika bere gailurrera iritsi denik. Izan ere, behar berriei erantzun nahian, intsektuei begira jarrita ikerlariak asmo berri anitz plazaratu dituzte.
Besteak beste, erleen antza izango duten eta poluzio kimikoa eta erradioaktiboa detektatzeko gai izango diren robotak diseinatzen ari dira Todaiko Unibertsitatean. Robot hegalari horiei autonomia handia eman nahi zaiei, adibidez, zentral nuklearretako zaindari lanak egin ditzaten. Bestalde, ideia berarekin jarraituz, Estatu Batuetan, pertsonen mugimenduak detektatuko dituzten robotak egiten ari dira banketxeak, administrazioaren eraikuntzak, museoak, etab. zaintzeko. Azkenik, intsektuetan inspiratuta, Berkeley Unibertsitateko Michael Dickinson ikerlariak espazioa esploratzekogrina asetuko duten robotak diseinatzen ari da. Bere helburua, nahiz eta oraindik zientzia-fikzioa dirudien, intsektu sozialen portaera imitatuz, taldeka espazioa esploratzera aterako diren robotak egitea da. Horretarako, noski, roboten arteko komunikazioa bermatu beharko du.
Bestalde, intsektuei begiratuta ez baina medikuntzako, telekomunikazioko eta zehaztasun handia eskatzen duten arloetako beharrei erantzun guran, mikrorrobotak ere diseinatzen ari dira.
Mikrorroboten ereduetariko batzuk Suediako Linköpings Unibertsitatean eginikoak dira. 0,6 mm luze eta 0,3 mm zabal dira eta milimetro-hamarren bateko zehaztasunarekin lan egiten dute! Mugimenduak askatasun osoz egiten dituzte, eta ukondoa, eskumuturra, eskua eta bi eta lau behatz artean dituzte. Gainera, odolean eta gernuan mugitzeko ahalmena dute. Hori ikusirik, ikerlarien arabera, medikuntzan erabilera handia izango dute eta, besteak beste, odoletik zelula biziak batere hondatu gabe atera ahal izango dituzte laborategietan ikertzeko.
Bestalde, New York-eko Cornell Unibertsitateko Montegno ikerlaria artikulazioak dituen robot bat baino zerbait gehiago izango den mikrohelikopteroa diseinatzen ari da. Nikelezko gorputza du eta erregaitzat substantzia kimiko bat erabiliz, gizakiaren arterietan ibiltzeko gai izango da. Helikoptero horrek sendagaiak zelula barruraino eramango lituzke. Printzipio berari jarraituz, Utah-ko Unibertsitatean, berriz, arteriak libratu eta tumoreak sendatuko lituzkeen mikrohelikopteroa egitea pentsatzen ari omen dira.
Dena dela, robotikan ere dena ez da serioa, eta duela hilabete-pare bat aerobic egiten duten robotak asmatu bazituzten ere, orain, sei hanka dituzten futbolariak egin dituzte. Noski, dena ez da lan egitea eta noizean behin kirol pixka bat ere egin beharko dute! Sortzaileek esan dutenez, oraindik oreka-arazoak direla medio, oso zaila da bi zangotako robot-kirolariak egitea eta, beraz, gure kirolariak lasai egon daitezke, ez dituzte hain erraz ordezkatuko eta!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia