Robot mugikorrak, autonomoak eta balioaniztunak
2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
TECNALIA Korporazio Teknologikoak robot berri batzuk aurkeztu ditu. Robot mugikorrak dira, eta hainbat funtzio bete ditzakete. Prestatuta daude, besteak beste, espazio handiak zaintzeko, merkataritzagune handietan pertsonak gidatzeko (saltoki edo produktu jakin bat non dagoen esaten dute, adibidez) eta adinekoei edo minusbaliotasun jakin batzuk dituztenei laguntzeko. Horrez gain, kaleak garbitzeko eta hondakinak jasotzeko balio dute.
Gainera, txikiak dira, ez dute inolako trabarik egiten, eta ez dira batere arriskutsuak jendearentzat. Izan ere, oztopoak detektatzeko eta saihesteko sistema berritzaile bat dute.
Dustcart robota 1,45 metro luze da, eta 70 kg pisatzen du. Giza itxurakoa da, eta erabiltzaileekin harremana izateko eta eskatutako hondakinak jasotzeko balio du. DustClean robotak, berriz, ibilgailu txiki baten forma du. 96 zentimetro luze da, 250 kg-ko pisua du, eta kaleetako zikinkeria eta hautsa garbitzen ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia