}

Robot eulijale autonomoa

2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ecobot II du izena, eta bereziki diseinatuta dago kanpotik energiarik eman gabe inguru gogorretan lan egiteko. Hau da, berak sortzen du funtzionatzeko behar duen energia.
D. Crawford / AAAS

Britainia Handiko Bristolgo Unibertsitatean asmatu dute, eta, berez, dituen zereginak ez dira zailak. Ecobot II-k sentsore gisa egingo du lan, gas toxikoen kontzentrazioak edo muturreko tenperaturak neurtuz, adibidez. Bildutako datuak bidaltzeaz ere arduratuko da.

Ecobot II-ren berezitasuna energia lortzeko erabiltzen duen bidean datza. Izan ere, euliak dira robotaren energia-iturria. Ecobot II-k euliak harrapatzen ditu, eta erreaktore berezi batean digestioa egiten du. Hain zuzen ere, digestio horretan sortzen da robotak funtzionatzeko behar duen elektrizitatea.

Euliak erakartzeko gorotz-usaina erabiltzen du robotak. Erreaktorean hondakin-ura dago, giro anaerobioan, eta eulia bazka bihurtzen da hondakin-uretan dauden bakterioentzat. Bakterioen entzimek euliaren exoeskeletoko kitina zatitzen dute, eta zatitzean sortzen diren azukre-molekulak metabolizatzen dituzte bakterioek. Prozesu horretan, elektroiak askatzen dira, eta horiek aprobetxatuta sortzen da korronte elektrikoa. Energia hori nahikoa da robota 12 minutuz behin pittin bat mugi dadin eta bere lana egin dezan.

Lehen ere bazegoen antzeko robot bat, baina hark azukre findua erabiltzen zuen energia sortzeko. Ecobot II-ren gustua ez da bestearena bezain fina, baina hain primitiboa izatea abantaila da kasu honetan, merkeagoa eta independenteagoa baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia