Ralph, lehen arratoi klonatua
2003/09/29 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Orain arte, ardiak, saguak, txerriak, katuak, mandoak, zaldiak etab. nahiko ‘erraz’ klonatu dituzte. Dena den, arratoien klonazio horretan jarraitutako bidea ez da hain erraza izan, ohiko teknikak –zelula heldu baten material genetikoa nukleorik gabeko obulu batean txertatzea, ezaugarri genetiko jakin batzuk dituen enbrioia garatzeko– kale egiten baitzuen. Izan ere, sagu edo gizakien obuluak ez bezala, arratoien obuluak berehala zatitzen hasten dira, eta ikertzaileek ez zuten DNA txertatzeko behar beste denbora izaten. Beraz, oinarrizko urratsak kale egiten zuen.
Horrenbestez, adituek MG132 izeneko produktu kimikoa erabili zuten zatiketa horiek eragozteko, eta, horrela, obuluen aktibazioa 3 ordutik gora blokeatzea lortu zuten; material genetikoa nukleorik gabeko obulu batean txertatzeko denbora nahikoa hain zuzen ere. Adituek klonatutako enbrioi horietatik 129 hartu eta bi emetan txertatu zituzten. Bat ernari geratu eta klonatutako hiru kume izan zituen, nahiz eta bat epe laburrean hil. Beste biek, ordea, luzeago bizi eta gozatzeko aukera dute.
Adituen ustean, zenbait kasutan aurrerapauso handia ekar lezake horrek. Izan ere, arratoiak saguak baino handiagoak izanik, errazago maneia daitezke eta zenbait gaixotasunetarako eredu egokiagoak dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia