Qubit-egitura, merkea eta erraza
2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Materialen Fisikaren EHUko Zentro Mistoko ikertzaile-talde batek ordenagailu kuantikoen informazio-unitatea (qubit) definitzeko eraztun-itxurako zenbait egitura berri proposatu ditu; proposamena Physical Review Letters aldizkarian argitaratu dute.
Gaur egungo ordenagailuen bitek bi egoera baino ez dituzte onartzen (0 edo 1).
Ordenagailu kuantikoek, aldiz, qubit informazio-neurria dute. Logika konplexuagoa erabiltzen dute qubitek, eta askotariko egoerak onartzen dituzte. Horri esker, informazioa modu askoz ere eraginkorragoan prozesa daiteke.
Proposamen ugari daude qubit-egituraren inguruan: batzuek matrizeetan kokatutako puntu kuantikoak proposatzen dituzte, beste batzuek molekula magnetikoetan kokatutakoak, beste batzuek atomo hotzetan kokatutakoak...
EHUko ikertzaileek beste sistema bat proposatu dute, eta interakzio honetan oinarritzen da: laser-argiak eraztun-itxurako metalezko egitura baten gainean eragiten duen interakzioan, hain zuzen. Sistema erraza eta merkea da; izan ere, sistemaren egoera kuantikoa modu zehatz batean kontrola daiteke argiarekin, eta, gainera, metodo berria gaur egungo egitura elektronikoetan integra daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia