Quark-izarra ote?
2002/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAko astronomoek quark-izar bat ikuskatu dutela diote; izan ere kilometro gutxi batzuetako oinarrizko partikulen masa bat da eta gure Eguzkiak baino gehiago pisatzen du.
Teorikoek 1980. urtean aipatu zuten quark-izarrak egon zitezkeela, eta orain NASAren teleskopio batek ustez mota horretako izarra aurkitu du: RX J1856 izena jarri diote. Hasieran neutroi-izarra zela uste bazen ere, astronomoek, duen tamaina txikia dela eta, hipotesi hori ezeztu egin dute.
Aldiz, neutroiak eta protoiak masa are dentsoagoan disolbatuta egon daitezkeela uste dute, beraien quarkez osaturiko masa batean, hain zuzen ere. Masa horri materia ezezaguna deritzo eta protoien eta neutroien oinarrizko hiru quarkez osatua dago. Materia hori, egonkorra ustean, kristalen gisara handiagotzen joan daiteke bidean aurkitzen dituen protoiez eta neutroiez elikatzen den heinean.
Hala ere, aurkitutako izarrean gertatzen diren tenperatura-aldaketak medio, bere diametroa zenbatekoa den esatea zaila da eta, beraz, oraindik ezin dugu ziurtatu quark-izarra denik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia