Pulsar gezurtiak
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Astronomo-talde batek egindako azken neurketen arabera, orain arte pulsarren adina kalkulatzeko erabili izan den metodoa ez da zuzena. Estatu Batuetako National Science Foundation erakundeko VLA (Very Large Array) teleskopioa erabili dute neurketak egiteko eta pulsarrak diruditena baino askoz zaharragoak direla aurkitu dute. Bryan Gaensler eta Dale Frail astronomoek ustez 16.000 urte zituen pulsarra aztertu dute, eta neurketa berrien arabera pulsar honek 40.000tik 170.000 urtera arte izan ditzake.
Gaensler eta Frail-ek Sagittarius konstelazioko pulsar bat erabili dute. Izar hau supernoba batetik sortu zen duela milaka urte, eta denbora horretan supernobatik abiadura finkoan aldenduz joan da. Zientzialariek abiadura hori kalkulatu dute, eta gero izarrak dagoen tokira heltzeko beharko lukeeen denbora kalkulatu dute. Denbora hori uste zena baino askoz handiagoa da. Pulsaren adina zehatz-mehatz jakitea oso garrantzitsua da, batez ere Fisikan materiari buruzko teoria asko pulsarretan oinarriturik daudelako. Horietako batzuk okerrak izan daitezkeela uste dute Gaensler eta Frail-ek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia