Pulsar bitarren balazta-mekanismo indartsua agerian
2012/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Milisegundoen kategoriako pulsar bitarrak zerk balaztatzen dituen argitu du Bonngo Unibertsitateko Thomas M. Tauris ikertzaileak. Science aldizkarian argitaratu duenez, pulsarraren magnetosfera hedatzea da errotazio-abiadura murriztearen erantzulea.
Ikaragarri azkar biratzen diren neutroi-izarrak dira pulsarrak; milisegundoen kategoriakoek 100 eta 1.000 bira artean eman ditzakete segundoko, baina, haien bizitzako une batean, asko moteltzen dute errotazio-abiadura, errotazio-energiaren erdia galtzeraino, eta X izpiak igortzetik, irrati-uhinak igortzera pasatzen dira. Ondoan duten izarraren ia materia dena xurgatu dutenean gertatzen da hori. Hain zuzen ere, masa-transferentziaren prozesuak ematen dio pulsarrari materia pilatu eta gero eta azkarrago biratzeko gaitasuna. Baina har dezakeen materia amaitzen ari denean, ondoko izarra txikiagotu ahala hedatu egiten da pulsarraren magnetosfera, eta, hedatzean, masa-transferentziaren prozesua eten egiten da: erakartzen duen materia bereganatu ordez, inguruan lehertzen da, eta balazta eragiten dio pulsarrari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia