Pulsar batetik, magnetar bat
2008/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
PSR J1846-0258 izeneko pulsarra aztertzen ari ziren astronomoak erabat harritu ziren bat-batean X izpien zorrotada bat igorri zuela ikustean. Izan ere, pulsarrek ez dute halakorik egiten; bai, ordea, magnetarrek; hortaz, astronomoek uste dute pulsarrak eta magnetarrak nolabait erlazionatuta daudela.
Izarrak supernoba erara lehertu ondoren geratzen diren astroak dira pulsarrak. Eguzkiaren antzeko masa izan arren, asteroideen neurrikoak izaten dira, eta haien berezitasun bat da oso azkar biratzen dutela: segundoko ehun aldiz biratzera irits daitezke. Esne Bidean 1.800 pulsar inguru daude identifikatuta, eta horietatik gazteenetakoa da PSR J1846-0258; 1.000 urte ditu, gutxi gorabehera.
Magnetarrak, berriz, askoz ere arraroagoak dira; gutxi gorabehera dozena bat aurkitu dituzte. Haien ezaugarri nagusia da izugarrizko eremu magnetikoa dutela, eta X izpien zorrotada ikaragarriak igortzen dituztela, bai eta gamma izpiak ere.
Orain, PSR J1846-0258 pulsarra magnetarren moduan jokatzen harrapatu dute, eta horrek galdera ugari sortu dizkie: magnetar guztiak lehenago pulsar izan dira? Pulsarrak magnetar bihurtzen dira tarteka? Galderei erantzuteko datu gehiagoren bila dabiltza orain astronomoak.
Behaketa berezi hori NASAko astronomoek egin zuten, RXTE satelitearen bidez, eta Science aldizkarian argitaratu zituzten emaitzak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia