Pulsar baten jaiotzaren lekuko ote gara?
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hubble teleskopioak eta irrati-behaketek aparteko sistema bat ikuskatu dute; pulsar bat eta izar erraldoi gorria lagunkide. Sistema horren existentzia misterioa da eta azalpen bakartzat pulsarraren jaiotza agertzen da.
Nahiz eta 90 pulsar-mota baino gehiago dauden klasifikatuta ez dakite zerk eragiten duen izar bat egoera horretara iristea. Orain arte pulsar baten sorrera azaltzeko esan da izar zahar batek izar lagunaren energia xurgatzen duela. Energia-transferentzia horrek izar zahar eta geldoaren biraketa-abiadura azkartzen du eta azkenean ehunka bira segundoan egitera iristen da, pulsarra sortzen da alegia. Une horretan, lagun zuen erraldoi gorria energiarik gabe gelditu eta nano zuria bilakatzen da.
Hubble-eko irudiek, ordea, aurkitu dute izar laguna nano zuria ez, baizik eta izar erraldoi gorria dela.
Ikertzaileek gas-kantitate itzelak ere topatu dituzte sisteman. Pulsarrak gasa ere izar lagunetik xurgatzen du, eta haren altzotik banatzean berarekin eraman ohi du gas hori.
Beraz, datu guztien arabera, badirudi pulsar baten sorrerako fasea dela eta ondoren erraldoi gorria nano zuria bilakatuko dela. Hori gertatu ezean, erraldoi gorria pulsarrak bidean aurkitu duen izar bat litzateke, eta erraldoiak bere horretan jarraitu beharko luke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia