}

Protesiak finkatzeko zementu berrien bila

2000/05/01 Goñi, Isabel | Gurrutxaga, Marilo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakia gero eta gehiago bizi da eta, beraz, adinarekin zerikusia duten gaixotasunen kopurua ere gero eta handiagoa da. Horietako bat aldaka haustea da. Gazteek ere, istripuak direla eta, mota horretako arazoak izan ditzakete. Kirurgiak eskaintzen duen irtenbidea izterrezurrean protesia jartzea da.

Gerta daitezkeen kasuen arabera, protesi horiek jartzeko modu ezberdin asko erabili izan dira. Gaur egun, adindutako jendearen kasuan aukerarik hoberena, zementu akrilikoaz hezurrari protesi metalikoa lotzea izaten da. Zementu horien erabileran 40 urteko esperientzia dago eta eraginkortasun handikoak direla frogatu da. Hala eta guztiz ere, konpon daitezkeen arazo txiki batzuk izaten dituzte.

Zementua osatzen duen materialaren sendotasuna eta gainerako ezaugarriak hobetu daitezke, mugimenduetara hobeto molda dadin. Bestalde, hezur-paretera ahal den neurrian egokitzeko, fluido fisiologikoa zurgatzen duen zementua izatea komeni da. Ezaugarri horiek dituzten material egokiak bilatzen saiatzen gara laborategian.

Kirofanoan erabilitzen den zementuak bertan nahastuko diren bi osagai ditu. Horietako bat X izpiekiko opakua den substantzia gehitzen zaio. Horrela, ondorengo azterketa medikuetan zementuaren jarraipena erradiografien bidez egin ahal izaten da. Baina batzuetan, substantzia hori egoteak materialaren iraunkortasuna murriztu egin lezake. Beraz, gure helburuetako bat substantzia horren ordezkoa bilatzea da; berez erradioopakua den zementuaren sintesia egitea, alegia. Horrela ez litzateke ezaugarri mekanikoetan eragina duen substantziarik gehitu beharko.

Zementua polimeroa da eta kirofanoan sintetizatzen da, bi osagaiak nahastutakoan. Beraz, bere ezaugarri fisikoak osagaien (monomeroen) izaeraren menpekoak dira. Gure laborategian erradioopakutasuna duten monomeroak ikertzen ari gara. Esperimentuetan, kirofanoan egingo den erreakzio (nahaste) bera egiten da. Lortutako zementuen saiakuntza mekanikoak eta kimikoak egiten dira, protesietarako zementuek araudi mediko-kirurgikoa bat bete behar baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia