… proiektu atipikoa da
1998/02/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Cidetec izenaz iazko maiatza aldean hasi zen lanean Miramon Parke Teknologikoko ikerketa-zentro berria. Horren hazia, nolanahi ere, duela 10 urte inguru erein zutela esan digu Toribio Fernandezek, EHUko Kimika Fakultateko Elektrokimikako Katedradunak eta proiektu honen bultzatzaile nagusiak. Izan ere, Ibaetako Elektrokimikako laborategiarekin lotura estu-estuak ditu zentro sortu berriak; bertan formatu dira ikertzaileak eta bertan lanean zihardutenen ekimenez sortu da elektrokimikako enpresen beharrak asetzea helburu duen zentroa.
“Kimika Fakultateko Elektrokimikako laborategia aitzindaria da sektoreko enpresei zerbitzuak eskaintzen. Urteak daramatzagu, ikerketa-lanaz gain, enpresekin lanean, eguneroko ihardueran sortzen diren kezkak argitu nahian. EAEko ikerketa-zentroen sarea indartzen hasi ahala, bertara joan ziren lanera gure laborategian formatu diren doktore asko. Ikerketa-sare horren barruan, hala ere, ez zegoen sektorearen berezko beharrak asetuko zituen zentrorik eta aldian-aldiko galderez landa, eguneroko iharduerari erantzuterik ez zegoen”. Eta, hain zuzen ere, hutsune hori betetzera dator Cidetec.
Tradizio eta eskarmentu handiko sektorea
Elektrokimika makina bat prozesutan baliatzen da: era guztietako estaldurak —galvanizazioa, kobreztaketa, zinkeztakea—, pilak eta energia akumulatzaileak, eta abar. Horietan oinarritutako enpresen iharduera ikusita, tradizio eta garrantzi ekonomiko handia duen sektorea dela esan daiteke. Bere ekoizpen-prozesuan elektrokimikako adarren bat baliatzen duten 210 enpresa daude une honetan EAEn; horietarik 148, gainera, elektrokimika dute teknologia nagusia. Salbuespenak salbuespen, lantegi txikiak dira enpresa hauek eta urteak daramatzate lanean. Toribio Fernandezek eta Javier Rodriguez Parrak, Cidetec-eko zuzendariak, egin digute sektorearen erradiografia:
“Euskal Autonomia Elkarteko industriaren egitura antzekoa da sektore guztietan, baina elektrokimikako esparruan, ezaugarri batzuk bereziki nabarmenak dira. Enpresa gehienek egitura familiarra dute eta tamainaz txikiak direla esan daiteke. Egitura enpresarial tradizionalak dira eta urtetan pilatutako esperientzia jotzen dute teknologia nagusitzat. Sektorea osatzen duten enpresek oso ondo ezagutzen dute elkar eta duela oso gutxira arte, eskarmentu profesionala zuten elkarren arteko lehiarako erraminta nagusia eta ia bakarra. Profil horretako enpresetan transferentzia teknologikoaz hitz egitea oso zaila zen; enpresa bakoitzaren sancta sanctorum-ean sartzea bezalakoa zen. Gaur egun, ordea, belaunaldia aldatzen ari da zuzendaritza-postuetan eta, nire ustez, aldaketa honek gure herriaren garapenaren alde jokatzen du. Orain ardura handiko postuetan formazio bikaina duten gazteak ikusten ditugu, akademikoki esperientzia handia dutenak eta lankidetzaren garrantziaz ohartzen direnak”.
Hausnarketa honen adarrek enpresa eta unibertsitatea ukitzen dituzte, noski, eta kezka bera bietan dagoela esan digute gure solaskideek. “Konfidantza ez da bat-batean lortzen; guk baino tradizio askoz handiagoa duten unibertsitatetan ere arazo bera dute eta kontuan izan behar da gure unibertsitatea oso gaztea dela oraindik; 20 urte baino ez dira lanean ari garela! Nire ustez, heziketa-prozesu baten aurrean gaude: unibertsitateak eta enpresak, biek, ikasi behar dugu elkarrekin lan egiten, soilik horrela erdietsiko baitugu lehiakortasunez aurrera egiteko behar dugun maila. Gure ustez, enpresetako I+G departamentuak errealitate akademikoa eta laborala ongi ezagutzen dituzten doktoreek zuzendu behar dituzte. Euskal Herriko enpresek doktoreak behar dituzte”.
Eredu horixe da, hain zuzen ere, Cidetec ikerketa-zentroan aurkitu duguna, hots, langile gazteak eta unibertsitatean bikain formatuak: Miramongo egoitzan lanean ari diren guztiak kimikan doktore dira.
Teknologia eta baliabide pertsonalak uztartuz
Cidetec ikerketa-zentro berriak irabaz asmorik gabeko fundazio egitura du. Enpresa-egitura estandarraz hornitzea arriskutsua zela ikusirik, fundazioaren bidea aztertzen hasi ziren duela urte batzuk. Ikertzaile hauek mahaigaineratu zuten beharraz, hau da, elektrokimikako ikerketa-zentro baten premiaz, jabeturik egon zitezkeen enpresekin hizketan hasi ziren orduan fundazioa abian jartzeko. Paperean jarrita erraza badirudi ere, urte franko joan dira proiektua behar bezala mamitzen. Azkenik, Iberdrola, Cegasa eta Berrilan lotu ziren proiektu honetan eta gaur egun Cidetec-eko Patronatuko kideak dira. Erakundeek ere begi onez ikusi dute ikerketa-egitura berria sortzea eta hasieratik lagundu dute prozesua abian jartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostenguaz gain, Eusko Jaurlaritzaren onarpena oso garrantzitsua izan zela esan digu Jabier Rodríguez Parrak, Cidetec-eko zuzendariak.
“Sortu eta berehala, Eusko Jaurlaritzak Cidetec I+Grako egitura enpresarialtzat onartu zuen. Esplizituki aitortu dio Cidetec zentroari teknologia eta horretan iaiotako profesionalak transferitzeko gaitasuna. Izan ere, gure asmoa ez da teknologia-arazoak konpontzera mugatzea; teknologia egokiaz hornitu nahi ditugu gure enpresak eta horrek, baliabide materialaz gain, goi-mailako pertsonala ere transferitu behar dela esan nahi du”.
30 eta 32 urte bitarteko 5 ikertzaile ari dira lanean une honetan Cidetec-en. Proiektu bakoitzaren beharren arabera handiagotzen joango da langile-kopurua eta, esate baterako, aurten bertan 10 lankide izatea espero dute. Jabier Rodríguez Parrak esan digunez, “proiektu bakoitzaren ardura osoa izango duten doktoreak egituran integratzea da helburu nagusia”.
Une honetan, zortzi proiektu dituzte eskuartean. Cegasa enpresarekin batera, etorkizuneko pilen inguruko ikerlana egiten ari dira. “Litio-ion erako pilak aztertu eta behar berrietara egokituko direnak diseinatzen ari gara une honetan. Litiozko pilek ezaugarri apartak dituzte energia biltegiratzeko eta guk eredurik egokiena zein den aztertzen ari gara. Oso proiektu interesgarria da, berehalako erabilpena izango duelako, batetik, eta hemengo enpresa bat, Cegasa, teknologiaren punta-puntan jarriko duelako, bestetik”.
Horrez gain, satelite artifizialen estaldura-prozesuak ere aztertzen ari dira; “erronka liluragarria da arlo honek zabal ditzakeen aukerak oso handiak direla kontuan izanik”, diosku Rodríguez Parrak.
Cidetec-ek EAEko enpresek baliatuko duten teknologia garatzea du helburu. Gerta liteke, ordea, teknologia hori non ezarria ez izatea, inguruko enpresek ezin integratzea, alegia. Horrelakoetan Cidetec-ek berak teknologia hori usatuko duen enpresa sortzen lagunduko luke. “Gure helburua —esan digu Toribio Fernandezek— ez da enpresa berriak sortzea, baina Cidetec-ek ez dio garapenari uko egingo non erabilia ez izanagatik. Fundazioaren helburua enpresak hornitzea bada ere, gure lana ikerketa da eta horri ate guztiak zabaldu behar zaizkio”.
Zentroaren martxa ebaluatzeko irizpidea izan daiteke, gainera, garapen teknologiko berriak egiten ari diren aztertzea. “Patenteen bidez —argitu digu Jabierrek— zentroaren helburuak betetzen ari ote garen ikusi ahal izango dugu, irizpide objektiboa baita zenbat patentatu dugun aztertzea. Horrez gain, patenteen bidez zentroko ikertzaileek egindako lana babestu egin nahi dugu, garapena, aberastasuna sortzen ari garelako”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia