Prioiek sortutako gaitza sendatzea lortu dute saguetan
2007/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Londresko Neurologia Institutuan, saguekin egindako ikerketa batean, frogatu dute prioi eraldatuek nerbio-sisteman sortutako kalteak senda daitezkeela. Horretarako, ezinbestekoa da gaitza garaiz detektatzea.
Saguen jokabideak aztertuta, gaitzaren diagnostiko goiztiarra egitea lortu dute. Gaitzaren sintoma tipiko bat dardarka eta balantzaka ibiltzea da. Sintoma hori sagua prioi eraldatuekin infektatu eta hiru hilabetera azaltzen da. Geroago, sagua hil egiten da.
Hori baino lehen, baina, badaude saguak infektatuta daudela ohartarazten duten hainbat jokabide; adibidez, infektatu eta zortzi astera, saguek objektu ezagunak ezagutzeko gaitasuna galtzen dute. Ikertzaileek frogatu dutenez, garai horretan prioi eraldatuen ekoizpena galarazten bada, nerbio-sisteman sortutako kalteak sendatu egiten dira, eta saguak bere onera etortzen dira.
Ikerketa aurrerapauso garrantzitsua dela uste dute, gaur egun prioi eraldatuek gizakietan sortzen duten gaixotasuna, Creutzfeldt-Jakob gaitza, sendaezina baita. Entzefalopatia espongiformea ere deitzen zaio, normalean, ez da detektatzen sintomak oso nabarmenak diren arte. Ordurako, gaitzak ez du atzera bueltarik izaten.
Ikerketatik ondorioztatu dute benetan garrantzitsua dela diagnostiko goiztiarra egitea, tratamendu egokia jarriz gero gaitza gelditzeko aukera baitago. Beraz, diagnostiko goiztiarra gizakietan nola egin ikertzen ari dira orain. Hala ere, emaitza ez da saguetan bezain ona izango, prioi eraldatuen ekoizpena ezin baita laborategiko saguetan bezala galarazi (sagu transgenikoak ziren, hori egin ahal izateko genetikoki eraldatuak).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia