}

Prioiak nagusi IV. Tesien Sarian

2006/06/16 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Behi eroen gaitzaren inguruan piztu zen polemika isildu bada ere, gaitz horren oinarrian dauden prioiekin egindako lan batek irabazi du IV. Tesien Saria. La proteina que enloquece (Erotzen den proteina) lana izan da, hain zuzen, irabazlea.
Zuberoa Marcos, IV. Tesien sariaren garailea.
G. Andonegi

Zuberoa Marcos Nafarroako Unibertsitateko doktoreak prioiak zer diren, non dauden eta nola bilakatzen diren prioi gaixo azaltzen du bere lanean . Izan ere, orain arte argitu gabeko galdera asko zeuden behi eroen gaitzaren gainean. Zer bide erabiltzen du prioiak ahotik garunera iristeko? Animalia-espezie ezberdinetan bide bera edo desberdina erabiltzen du? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatu da doktorea bere lanean.

Iker Zuriguel-en tesia izan da bigarren sailkatua. Ikertzaileak ¿Por qué agitamos el salero para echar sal? (Gatza botatzeko zergatik astintzen dugu gatzontzia?) izenburudun laburpena aurkeztu du. Eguneroko bizitzan maiz gertatzen den arazo bat izan du aztergai fisikariak. Zerk eragiten du kolapso edo pilaketa bat? Zein da faktore garrantzitsuena? Izan ere, pilaketak oso ohikoak dira errepidean, San Ferminetako entzierroetan, gatzontzian,... Bere tesia siloekin egin du, jakiteko zein den siloen irteeran kolapso bat eragiten duen faktorea. Ondorioen arabera, barruan dagoen alearen tamainaren edo irteerako zuloarena arteko erlazioa da garrantzitsuena, eta, nahikoa da irteerako zuloa bost aldiz handiagoa izatea alearen diametroa baino sistema inoiz ez kolapsatzeko. Iker Zuriguel-ek ere bere doktore-tesia Nafarroako Unibertsitatean egin du.

Zuberoa Marcos-ek ordenagailu eramangarri bat eskuratu du SISTEK informatica y microsistemas etxearen laguntzari esker. Bigarren sari gisara, landetxe batean asteburua igarotzeko aukera izango du Iker Zuriguel-ek, NEKATUR landa-turismoko elkartearen eskutik.

APHIS Phot Library

Epaimahaiaren iritziz bi lan horiek izan dira, hain zuzen ere, dibulgazio-lanik onenak. Hala ere, ez da erabaki erraza izan, lan askok lortu baitute dibulgazio-emaitza bikaina. Gaien konplexutasuna kontuan izanda, edonork ulertzeko eran idazteko ahalegina nabarmendu dute epaimahaikideek. Bi saridunen lanen kasuan, irakurterrazak dira, terminologia egoki erabili dute, idazkera samurra eta zuzena darabilte eta tesiaren muina ondo azalduta dagoela iritzi diote epaimahaikideek.

Askotariko lanak

Guztira 23 lan aurkeztu dira IV. Tesien Sarira . Horietatik hamaika Euskal Herriko Unibertsitatekoak, lau, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak, zazpi Nafarroako Unibertsitatekoak eta bat ESTIAkoa (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées).

Askotariko gaiak jorratu dira: besteak beste, fisika, astronomia, nekazaritza, ingeniar

i

tza, geologia, biologia, kimika, medikuntza. Hizkuntzei dagokienez,
lau laburpenek euskara izan dute hizkuntza nagusitzat, hamaseik gaztelania, bik ingelesa eta batek frantsesa.

Saritutako lan horiek eta parte hartu duten gainerakoenak www.basqueresearch.com web gunean daude ikusgai.