}

Prestige-ren garbiketa. Petrolio-ontziko fuel-olioa ateratzeko ekimena

2004/04/25 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Azken orduko aldaketarik ez badago, laster hasiko dira Prestige petrolio-ontzitik fuel-olioa ateratzeko lanak. Repsol-YPF enpresak hori egiteko proiektu pilotua probatu zuen iaz, eta probak arrakastatsuak izan omen ziren. Hala ere, negua igaro eta udaberria iritsi zain egotea erabaki zuten, itsasoaren egoera egonkortu arte.
Fuel-olioak egundoko kalteak eragin ditu.

Prestige ontzia 2002ko azaroaren 19an erdibitu zen. Petrolio-ontziaren branka 3.800 metroraino hondoratu zen; popa, berriz, goraxeago gelditu zen, 3.500 metroko sakoneran. Bi zatien artean hiru kilometro eta erdiko distantzia dago. Prestige-k 77.000 tona fuel-olio zeramatzan. Erdia baino gehiago itsasoan barreiatu eta kostaldera iritsi zen. Beraz, uste zen 38.000 tona inguru geratzen zirela petrolio-ontziaren barruan.

Itsaspean hainbeste fuel-olio egotea zer arrisku den kontuan hartuta, fuel-olioa ateratzea erabaki zen. Sakonera handian daude, ordea, Prestige-ren tangak. Handiegian ere esan daiteke, inoiz ez baita horrelako lan arriskutsurik egin hain sakonera handian. Beraz, Repsol-YPF enpresak, nazioarteko hainbat adituren laguntzaz, egitasmo zehatz bat diseinatu zuen, roboten lanean oinarrituta. Urpera jaitsiko ziren, tangetara iritsi, zulatu, eta fuel-olioa grabitate bidez aterako zuten.

Proiektu horretarako lau robot egin ziren, bi motatakoak. Iazko uztailaren lehen egunetan probatu zituzten 4.000 metroko sakoneran, eta ikusi zuten robotak gai zirela elkarrekin lan egiteko.

Petrolio-ontziarekin zerikusirik ez zuen arren, Repsol-YPF-k hartu du tangak garbitzeko ardura.

Fuel-olioaren ihesguneak aurkitzea, garbitzea eta zigilatzea izan zen roboten lehen zeregina. Hamaika egunez jardun ondoren, ihesgune nabarmenenak zigilatu zituzten. Gaur egun itsasontzitik ihes egiten duen fuel-olioa ez omen da eguneko 10 kilora iristen. Roboten lanaren aurretik, berriz, 700 kilo irteten ziren egunero.

Itsasontziaren brankan zein popan zenbat fuel-olio geratzen den ere jakin nahi izan zuten. Kantitate hori neurtzeko, Neutron izeneko tresna erabili zen. Tresna horrek neutroi-fluxua igortzen du. Neutroiek kroskoa igaro eta, fuel-olioa zeharkatu ahala, energia galtzen dute. Fuel-olioak gamma-erradiazioa bidaliz erantzuten du, eta, konposizioa zein den, era batekoa edo bestekoa izango da erradiazio horren intentsitatea. Horrela, toki batean dagoen karbonoaren eta oxigenoaren arteko proportzioa jakin daiteke: proportzio hori handia da hidrokarburoetan eta txikia uretan. Neurketa egiteko sistema hori itsasontziaren kanpoaldeko tangetan erabili zen.

Barnealdekoa neurtzeko, tangak zulatu behar izan zituzten robotek, hodi itsuak jarri eta Neutron tresna hoditik sartu. Neurketak eginda, guztira 13.800 tona fuel-olio aurkitu zuten, uste zen baino 24.000 tona gutxiago. Beraz, horrek esan nahi du dagoeneko itsasoan barreiatu direla tona horiek.

Milaka tona fuel-olio isuri ditu Prestige-k.

Neurketa horiek eginda, fuel-olioa ateratzen hasteko unera iritsi zen proiektua, eta, horretarako, Hot Tapping izeneko sistema garatu zen. Unerik garrantzitsuenetakoa izan zen, zeren, oso-oso likatsu egon arren, oraindik fluido-portaera zuen. Horrek esan nahi du, tanga zulatuz gero, poliki-poliki igoko litzatekeela goialderantz. Kroskoa zulatu aurretik, balbula bikoitza jarri zuten robotek. Gero, 70 zentimetroko diametroko zuloa egin zen. Zulo horretatik, baina, ez zen fuel-olioik irteten, balbulak ixten baitzuen.

Fuel-olioa ateratzeko, poltsa jaitsi zuten ondoren, urriaren 12an, eta balbularekin lotu zuten. 18 orduz eduki zuten poltsa fuel-olioaz betetzen. Denbora horretan 125 tona sartu ziren poltsan, nahikoa proiektua izateko.

Berehala atera nahi zuten poltsa uretatik, baina, eguraldi txarra tarteko, bi egunez eduki zuten urpean. Poltsa atera eta Enterprise ontzira igotzea lortu zuten. Itsasontzi hori erdiurperagarria da eta ia 160 metro luze eta 30 metro altu da; hala ere, poltsak atera ahal izateko, aldaketa batzuk egin behar izan dizkiote. Itsasontzian bertan zegoela, poltsa puskatu egin zen, baina fuel-olioa ez zen itsasora isuri. Itsasontziak Ferrolera eraman zuen ateratako fuel-olioa, eta handik, kamioiez, Coruñara eraman zuten, findegi batera. Horrenbestez, bukatutzat eman zen proiektu pilotua.

Tangetan geratzen den fuel-olioa ateratzen saiatuko dira.

Udaberria iritsi da, eta laster hasiko dira Prestige-ren fuel-olioa ateratzen. Hiru balbula gehiago jarriko dira ontzian. Proiektu pilotuan bezala, lan guztia urpean egingo dute robotek, poltsak hustea ere bai, fuel-olioa 40 metroko sakoneratik ponpaz eramango baitute Enterprise itsasontzira. Poltsak proiektu pilotuan erabilitakoak baino gogorragoak eta handiagoak izango dira: 25 metroko altuera eta 5 metroko diametroa izango dute. 300 metro kubiko eramateko gai izango dira, eta aluminiozkoak izango dira. Isurketen arriskua gutxitzeko, lanean ari diren bitartean, une oro, beste itsasontzi batzuen laguntza izango da segurtasun-neurriak hartzeko.

Proiektu pilotuan ikusitakoaren arabera, guztia ondo badoa, gutxi gorabehera 145 egun beharko dituzte Prestige-ren tangetan geratzen den fuel-olioa ateratzeko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia