Poluzioa erregai
1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Etorkizunean hidrokarburo kloratuak dituzten ur zikinenak garbitzea eta aldi berean hidrogenoa lortzea posible izango da.
Urtetan, kimikariak ura hidrolizatuz hidrogenoa merke lortzearen atzetik ibili dira. Hidrogenoak erregai fosilak erabilpen askotan ordezkatuko lituzke. Probatu diren bide gehienek, prozesua ordu gutxiren buruan geldi erazten zuten albo-erreakzioak sortu dituzte.
Uraren hidrolisia lortzeko, hots, ura bere bi osagaietan (hidrogeno eta oxigenotan) banantzea lortzeko, argia erabili nahi da energi iturri moduan.
Argian ura hidrolizatzeko adina energia badago, baina ura argiarekiko gardena denez, argia ezer eragin gabe pasatzen da. Dena den, urari sentikortzaile izeneko substantziak eransten bazaizkio hidrolisia gertatzea lortzen da. Sentikortzaile hauek argi-energiaren zati bat zurgatzen dute eta elektronikoki kitzikatu egiten dira. Kikitzikatutako sentikortzaileak urarekin erreakzionatzen dute eta tarteko oso produktu erreaktiboak sortzen dituzte. Teorikoki, tarteko produktu hauek elkarren artean erreakzionatu baino lehen platinozko katalisatzailea topatzen dute eta hidrogenoa sortzeari ekiten diote.
Praktikan ez da horrela gertatzen eta tarteko produktu hauek sentikortzailearekin erreakzionatzen dute eta hondatu egiten dute. Argiak ere sentikortzailearen zati bat hondatzen du. Ondorioz, ordu gutxiren buruan sistemak ez du hidrogeno gehiago sortzen eta fotosentikortzailea berritu egin behar da. Kostuak horrela, komertzialki erabiltzea eragotzi egiten du.
Londreseko talde honek poluitutako uretan aurkitzen diren substantziak (sulfuro organikoak, ureak, fenolak eta hidrokarburo kloratuak) fotosentikortzaile moduan erabiltzea proposatu du. Prozesuaren kostua horrela, asko jaitsiko litzateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia