}

Poliomielitisa desagertu egin da Europan

2002/06/24 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hiru urte dira Europan poliomielitis-kasurik ez dela ezagutu. Azken kasua 1998an diagnostikatu zen: txertaturik ez zegoen turkiar haur bat gaixotu zen. Europan, beraz, polioaren aurkako gerra amaitutzat jo dute adituek.

Eritasun hori poluitutako uraren bidez kutsa daiteke, besteak beste. Horregatik, higiene-neurri gutxi duten tokietan (gerra bizi duten herrietan edo kontzentrazio-esparruetan) eta polioaren aurkako txertorik iristen ez denetan kasu ugari daude oraindik. Hori dela eta, Joseph Smith Europan poliomielitisa desagerrarazteko batzordeko ordezkariak nabarmendu du beren lana ez dela amaitu oraindik.

Afrikako eta Asiako lurralde anitzek, adibidez, gaixotasun horrek jotako biztanle ugari dituzte, eta herri horietako gaixoek europarrak kutsatzeko arriskua dago; ondorioz, polioaren kontrako txertoa mundu osoan barna barreiatzea ezinbestekoa dela diote gaixotasun horretaz arduratzen diren Europako Batasuneko arduradunek. 2005. urtea bitartean, 275 milioi dolar lortu behar dituztela diote mundu osoa polio gaixotasunetik babestuta bizi dadin.

Amerikak eta mendebaldeko Pazifikoko herrialdeek esana dute, 1994an lehenik eta 2000n bigarrenez, poliomielitis-kasurik ez dagoela herrialde horietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia