}

Polimero-hondakinen birziklatzea pirolisi bidez

2000/11/01 de Marco, Isabel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bilboko Ingeniari Eskolan, polimero-materialak birziklatzean pirolisia erabiltzearen bideragarritasun-azterketa gauzatzen ari da. Polimero-materialez hitz egitean, bai beira-zuntz edo -erretxineko konpositeak eta gurpilak bezalako produktu konplexuez, bai etxe zaborretako plastikoa bezalako produktu arruntez ari gara. Material horiek guztiek polimeroa dute osagai nagusi; hots, petrolioaren deribatuetatik lortutako konposatu organiko makromolekularra. Gaur egun nahitaezkoa da hura birziklatzeko bideak aurkitzea: alde batetik, legedia gero eta gogorragoa delako hondakindegiei dagokienez, eta bestetik, baliabide mugatua den petroliotik eratorritako materiala berriz erabiltzeaz ari garelako.

Pirolisia ikerketa-bidean dagoen birziklatze-metodo berria da. Teknikoki birziklatze kimikoa deritzo eta ez du ohiko birziklatze konbentzional edo mekanikoarekin, zeinean materiala urtu eta berriro forma ematen zaion, inolako zerikusirik.

Pirolisia oxigenorik gabeko ingurunean 400 ºC-tik gorako tenperaturaz materiala berotzea da. Oxigenorik ez dagoenez, materialaren errekuntzarik ez dago, errausketan gertatzen denaren kontra. Pirolisian, material polimerikoen materia organiko makromolekularra molekula txikiagotan (likido eta gasak) banantzen da. Gasak -hidrogenoa, metanoa, etanoa, propanoa, etab.- erregai moduan erabiltzen dira eta prozesua bera elikatzeko energia-iturri nahikoa dira. Likidoei dagokienez, konposatu organikoen nahaste konplexuak dira, petrolioa edo harrikatz-mundrunaren zenbait frakzioren antzekoak; hortaz, zuzenean fuel-olioa bezalako erregai moduan erabil daitezke, edo findegian tratatu eta gasolina, gasolioa eta beste hainbat produktu kimiko baliotsuak lortu.

Bestalde, pirolisian zehar inolako aldaketarik jasaten ez duten material polimerikoen hondakin solidoak badaude. Osagai horiek gurpilen metalezko hariak edo beira-zuntzezko errefortzuak bezalako material ez-organikoak izan daitezke, edo lurrunkorrak ez diren osagai organikoak, hala nola, gurpilen propietate mekanikoak izugarri hobetzeko erabiltzen den eta kolore beltza ematen dieten ikatzezko beltza material gehigarria. Osagai horietako asko balio handikoak dira, eta pirolisiak teorikoki aldatzen ez dituenez, jatorrizko aplikazioetan berriro erabiliak izan daitezke.

Hau guztia dela-eta, pirolisia, material polimerikoen birziklapenerako oso aukera interesgarria da. Alde batetik materialaren osagai guztiei probetxu ateratzen die. Bestetik errausketak baino gutxiago poluitzen du. Azkenik, hondakin-mota guztiekin erabil daiteke, batez ere birziklatze konbentzionala erabiltzerik ez dagoenean, hala nola nahasitako eta bereizteko zailak diren plastikoetan (zaborren kasuan) edo bestelako osagaiak, zuntzezko errefortzuak, osagai metalikoak, etab., dituzten materialetan (autoen gurpilak, arlo elektrikoan erabilitako plastikoak, etab.).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia