}

Plutonen dirdira hedabideetan

2006/03/26 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ofizialki, gure eguzki-sistemako planetarik urrunena da Pluton . Hori dela eta, ez da lortu orain arte planeta horren irudi garbirik. Hedabideetan, ordea, gainerako planetak baino nabarmenago ageri da azkenaldian. NASAk New Horizons zunda hara bidean jarri izana izango da agian horren arrazoia, baina, edonola ere, aukera paregabea da Plutoni buruz aurkitutakoak ezagutzeko.
Pluton eta Karon satelitea Hubble Espazioko teleskopioak ateratako argazkian. (Argazkia: NASA-JPL )

Merezi du, bai, azkenaldian Plutonen gainean izan diren albisteei arreta jartzea. Azkeneko berrien arabera, eraztun bat izan dezake. Ez litzateke harritzekoa izango, beste planeta batzuek ere bai baitute; Saturno ren eraztunak dira ezagunenak, baina Jupiter rek, Urano k eta Neptuno k ere ba omen dituzte eraztun lausoagoak.

Plutonen eraztunaren berria joan den urteko maiatzean egindako aurkikuntza baten ondotik dator. Orduan jakin zen bi satelite txiki topatu zituztela Pluton orbitatzen. Hubble espazioko teleskopioari esker egin zuten aurkikuntza, eta satelite horiei P1 eta P2 izena jarri zieten, izen egokiagoak topatu bitartean.

Kontuan izan behar da Pluton Lurretik gertuen dagoenean ere lau mila milioi kilometro baino urrunago dagoela; urrunegi eta ilunegi Lurreko teleskopioekin garbi ikusteko. Lehenengo aldiz 1930ean ikusi zuten. Plutonek satelite edo ilargi handi samar bat badauka: Karon . Eta ilargi hori ere ez da hainbeste denbora aurkitu zutela, 1978an izan zen.

Karon eta Plutonen beste bi satelite ezagutu-berriak kolisio baten ondorioz sortu zirela uste dute.
NASA-JPL

Oraingoz, beraz, Plutonek hiru ilargi dituela uste da. Dena dela, astronomoek ez dute baztertzen beste satelite batzuk ere aurkitzeko aukera. Bada, sistema horren jatorria aztertzen hasita konturatu dira astronomoak hautsez eta izotzez osatutako eraztun bat ere izan dezakeela.

NASAren New Horizons misioa Plutonerako bidean da une honetan, eta 2015ean iritsiko da Pluton ingurura. Misioak istripurik izan ez dezan, espazioko inguru ilun hori hobeto ezagutzea komeni zaie. Beraz, jo eta ke saiatuko dira eraztunik baden ziur jakiten.

Planeta ote da?

Bestalde, duela hilabete batzuk Plutonekin zerikusia zeukan eztabaida baten berri eman genuen: Pluton planeta bat da ala ez da? Bada, Nazioarteko Astronomia Elkartea k erabakia hartu du: Pluton planeta da. Azaletik begiratuta, behintzat, ondo arrazoitua da erabakia; izan ere, planeta batek bete behar dituen hiru baldintzak betetzen ditu Plutonek. Labur esanda, hiru baldintzak hauek dira: esferikoa da, izar bat orbitatzen du (Eguzkia) eta aurrez ez da izar bat izan.

Saturnoren eraztunak, eremu ultramorea hautemateko espektrografo baten bidez.
NASA-JPL

Baina eztabaida ez da bukatu horrekin. Astronomo askoren ustez, arrazoi historikoek pisu handia izan dute erabaki horretan, eta orain ikusi beharko da zer gertatzen den Pluton baino objektu handiagoak aurkitzen direnean ( bat dagoeneko aurkitu dute ). Objektu horiek ere planetak ote dira? Erabaki hori ere Nazioarteko Astronomia Elkartea ren esku geratuko da.

Horra, bada, azkenaldian Plutonen gainean izan diren albisteen laburpen txiki bat. Gure asmoa ez da NASA ri propaganda egitea, baina Plutonen gaineko albisteak iristen diren neurrian arreta jarriko diegu aurrerantzean ere. Izan ere, han urrunean dagoen planeta hura hobeto ezagutzeko irrikan gaude. Eta, martxa honetan, ez dirudi New Horizons hara iritsi arte itxaron beharko dugunik.

7K-n argitaratua.