Plisti-plasta, plisti-plast...

Goiko irudiak Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek atera dituzte. Hain zuzen ere, tanta batek gainazal bat jotzen duenean ateratzen diren zipriztinak, tantatxo txikiagoak, alegia, ikertzen dituzte. Eta, antza denez, badago zer ikertu; izan ere, ezaugarri askok dute eragina fenomeno horretan, besteak beste, likidoaren biskositateak, presioak eta tanta erortzen den inguruneko gasaren pisu atomikoak.

Ikertzaileek ikusi dute bereziki tantaren inguruko gasak eragiten diola emaitzari, eta, esate baterako, presioa gutxitu ahala zipriztin gutxiago ateratzen direla, eta badela presio jakin bat non hortik behera ez den zipriztinik ateratzen. Presio hori gasaren pisu atomikoaren araberakoa da: gasak zenbat eta pisu atomiko handiagoa izan orduan eta altuagoa da zipriztinik ez ateratzeko behar den presioa.

Tanten zipriztinak aztertzeko, altuera desberdinetatik utzi diote erortzen tantari ganbera itxi batean; eta abiadura handiko kamera batekin jaso dute tantak xafla batekin talka egiten duen unea. Grabazio bakoitzean zipriztinetan eragin dezaketen aldagaiak aukeratu dituzte. Hiru likido erabili dituzte, guztiak alkoholak: metanola, etanola eta 2-propanola. Tantaren inguruko gasa ere aldatu dute, helioa, kriptona eta sufre fluoruroa sartu dituzte ganberan, eta presio desberdinetan, gainera, giro-presioaren eta hori baino ehun aldiz txikiagoa den presioaren tartean.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali