Plazentak badu eraginik jaioberrien pisuan
2002/06/27 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Amek ere badute zerikusirik pisu gutxiko jaioberrien kasuan. Haurdunaldian asko errez gero, gaizki elikatu eta alkoholdun edariak kantitate handian hartuz gero, haur ahul eta argala sortzeko arriskua handiagoa da.
Arazo horri aurre egin nahian, Cambridge-ko (Britainia Handia) unibertsitateko Gordon Smith irakasleak eta bere laguntzaileek haurdun dauden 4.000 ama aztertu dituzte. Horien aburuz, plazentako PAPP-A molekulak zerikusi handia du mota horretako haurren gabeziekin. Molekula hori haurdunaldiko lehen 12 asteetan bakarrik azter badaiteke ere, arazo batzuk aurreikusten lagun dezakeela nabarmendu dute.
Arazo berarekin jarraituz, herri bereko Babraham institutuko Miguel Constancia genetistak eta bere lankideek beste ikerketa bat egin dute saguekin: plazentan eta fetuan egoten den IGF2 genea aztertu dute. Plazentara heltzen den gene horren zatia gainontzeko geneak baino txikiagoa da eta haur jaioberrien kasuan garrantzi handia du, haurraren elikadura-sistemaz arduratzen baita. Orain arte saguekin egin dituzte azterketa denak, baina hemendik aurrera haurdun dauden amak aztertzen hasteko asmoa dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia