Plastikozko poltsei neurri murriztaileak ezarrita nabarmen gutxiago kutsatzen dute kostaldea

2025/06/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

platikozko-poltsei-neurri-murriztaileak-ezarrita-n
Arg. Val Vega for Ocean Conservancy

Plastikozko poltsei politika murriztaileak ezartzeak kostaldeko kutsadura nabarmen murrizten duela erakutsi du AEBn egin duten ikerketa batek. Neurri horien ondorioz, kostaldeko garbiketetan bildutako plastikozko poltsak % 25-47 gutxiago izan ziren, antzeko erregulaziorik izan ez duten eremuekin alderatuta. Gainera, ikusi dute murrizketa hori gero eta handiago dela, eta ez dela atzeranzko joerarik gertatzen. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Ehun herrialde baino gehiagok ezarri dituzte azken urteetan plastikozko poltsen erabilera murrizteko neurriak. Baina politika horiek itsas inguruneko plastiko-kutsaduran zer eragin duten jakiteko ez da eskala handiko neurketarik egin. Kasu honetan, AEBko kostaldean egindako dozenaka milaka garbiketa, eta 2007 eta 2023 artean ezarritako 600 neurri murriztaile baino gehiago aztertu dituzte.

Neurri murriztaileak hartuta zaborra gutxitzea harritzekoa izan ez arren, emaitzak uste baino sendoagoak direla adierazi dute ikertzaileek. Bestalde, ikusi dute estatu-politikak udal-politikak baino eraginkorragoak direla, eta poltsei tasak edo zergak ezartzea, debekatzea baino eraginkorragoa izan daitekeela.

Aitzitik, ohartarazi dute, aurrerapausoak eman diren arren, plastikoen kutsadurak gora egiten jarraitzen duela. Politikek arazoaren hazkundea neurri batean moteltzea lortzen badute ere, ez dute erabat geldiarazten. Hala, Nazio Batuen Ingurumen Programak 2025eko abuztuan egingo den plastikoen nazioarteko akordioaren negoziaziora begira, egileek nabarmendu dute garrantzitsua dela ikuspegi zabalagoak eta koordinatuagoak hartzea mundu osoan, plastikoaren kutsaduraren krisi gero eta larriagoari aurre egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia