Plastisferaren arriskua aztergai
2014/03/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ozeanoetako hondakin plastikoek mikrobioen ekosistema berrien habitat bihurtu dira; orain, hiru biologok mikrobio-komunitate horietako batzuk aztertu dituzte, Atlantikoaren iparraldean jasotakoak, eta Vibrio generoko bakterioak topatu dituzte, itsas ingurune horretan ohikoak ez diren bakterio kaltegarriak. Azterketaren emaitzak Sea Education Elkarteko Erik Zettler, Woods Hole Oceanographic Institutioneko Tracy Mincer- eta Linda Amaral-Zettler-ek argitaratu dituzte.
Aztertu dituzten mikrobio-komunitateak ekosistema osoak ziren; autotrofoak, heterotrofoak, harrapariak eta sinbionteak topatu dituzte. Hondakin plastikoetan bizi dira, itsas barruko inguru hidrofobikoa delako, eta, horrela, normalean garatzen ez diren komunitateek arrakasta izan dezakete. Material plastikoak ekosistema berriak sortu ditu ozeanoetan, eta ekosistema berrien multzoari plastisfera deitu diote zientzialariek.
Hiru biologoek aurkitutako bakterio batzuek polimeroen kateak degradatzen dituzte, alegia, hondakin plastikoak berak; hala ere, hondakinak iraunkorrak dira, eta beste bakterio eta alga askorentzat habitat egokia izaten jarraitzen dute. Aztertutako lagin batean, Vibrio generoko bakterioak azaldu dira, eta, genero horretako espezie batzuek gizakiarengan kolera eragiten dutenez, adituen ustez aurkikuntzak adierazten du plastisferan mikrobio kaltegarriak hedatzeko arriskua dagoela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia