}

Planeta iheslaria

1998/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hubble espazio-teleskopioak lortutako irudi batean lehen aldiz planeta erako objektu bat ikus daitekeela diote astronomoek. Orain arte, Eguzki-sistematik kanpoko planetak ez dira obserbazio optikoari esker behatu beren grabitazio-eraginari esker baizik. Irudi honetan ikus daitekeen objektua Taurus konstelazioan dago eta bere masa Jupiterrena baino bi edo hiru aldiz handiagoa da. Baina beste planeta ezagunak bezala izar baten inguruan orbitatzen egon beharrean izarrarteko espazioan barrena dabil, izar-sistematik bidalia bailitzen.

NASA

Aurkikuntza Kaliforniako ikertzaile batzuek egin dute Hubble teleskopioaren NICMOS kamerarekin izar gazteen bila zebiltzala. TMR 1C izeneko objektu planetarioak 1.400 UA-ko isats luze bat utzi du bere ibilbidean eta isatsa inguruko izar gazte batera zuzendurik dagoenez, izarra eta objektuaren artean lotura dagoela dirudi. Baina gerora egindako ikerketen ondorioz, bi objektuek adin bera dute eta beraz elkarren eraginpean daude.

Zenbait astronomok zalantza azaldu dute objektu honekiko eta planeta izan beharrean izar nano marroi bat izan litekeela diote. Dena dela, objektuaren distira ahulegia da izarra izateko, eta Jupiterren tamainako planeta dela dirudi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia