}

Planeta-esploratzaile berriak

2001/04/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Planetak esploratzeko metodo eraginkorrak eta, aldi berean, merkeak aurkitzeko asmoz, NASAko ikertzaileek hainbat baloi-mota egin dituzte, bai orain dela zenbait mendetako aire berozko baloietan oinarrituta, baita heliozko baloi arruntetan oinarrituta ere.

NASArentzat, baloiak oso espazio-ontzi interesgarriak dira planeten azaleratik distantzia gutxira ikerketak egiteko, halako altitudean tresnak askatu, airetiko argazkiak atera eta beste neurketa batzuk egin ditzaketelako. Gainera, planetaren azalaren gainean ibiltzen diren ibilgailuak baino azkarragoak lirateke eta azalera handiagoa azter dezakete.

Eguzkiaz berotutako baloiak paraxut astunak baino mantsoago jaitsiko lirateke eta bidean neurketa-tresnak askatu. Horiek egiteko Montgolfiere anaien baloian oinarritu dira. Beste baloi-mota batek amoniakoa erabiltzen du, amoniakoa eguzkiaren beroarekin lurrindu egiten baita eta, horrela, baloia puztu egiten dira. Heliozko baloiak ere erabil daitezke eta kasu batzuetan oso egokiak izan daitezke. Izan ere, eguzkiaz berotutako baloien aldean, beren hegaldiak askoz gehiago iruten du, lehenengoak egun bakarreko hegaldiak egiten baitituzte, eta heliozkoek, aldiz, aste batzuk eman ditzakete airean. Bestalde, heliozkoak astunak eta konplexuagoak dira, gas konprimituko botilak garraiatu behar dituztelako.

Baloi-mota horiek guztiak planeten azala ikertzeko erabilgarriak badira ere, saiakuntzak Lurraren atmosferako goiko geruzetan egin dira, hau da, Marteko atmosfera hotz eta arinaren antzeko egoeran. Hala ere, Artizarra, Titan Saturnoren ilargia eta urrutiago dauden Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno ikertzeko egokiak izan daitezkeen baloiak egiten ari dira, bai inguruan hegaldiak egiteko, baita planeten azalean emeki pausatzeko ere.

Horretaz gain, NASAn pneumatiko itxurako beste tresna puzgarri batzuk egiten ari dira. Beren asmoa orbitan sartzean espazio-ontzien abiadura murrizteko erabiltzea da.

Informazio gehiago Interneten:

http://www.jpl.nasa.gov/adv_tech/balloons/summary.htm

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia