Piztizaleon berriak: Otsaila
1998/02/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Goizean mendira egindako irtenaldian negua iritsi zaigula ohartu naiz. Izan ere, nire euskaldun jatorraren termometroak, kokotsa, sudurra eta belarriak, alegia, zeharo gorrituta eta hotzez minduta ekarri ditut. Haizea hezurretaraino sartzen zen eta egunsentian ihintzetan oinak busti ondoren, behatzak ez zaizkit eguerdira arte epeldu. Dena den, etxera itzuli, dutxa beroa hartu, baratzuri-zopa irakiten zurrupatu eta beheko suaren ondoan eserita, laster berotu naiz. Gozo-gozo, kanpoan dauden animaliek hotzak ez akabatzeko zer egiten ote duten pentsatzen jarri naiz, bost minututan seko lo gelditu naizen arte.
Garai gogorrak
Zalantzarik gabe negua da animalia gehienentzat urtaro gogorrena. Elurra gogoz botatzen duenean esate baterako, pilaka dira larri ibiltzen direnak. Garai latz honetan bizirauteko askok goitik behera jo behar dute, mendi aldetik haranetara eta haize izoztuetatik babestutako zuloetara. Honetaz jabetzeko ordea, ez da urrutira joan beharrik. Herri eta hirietan erraza da arreta jartzen baldin bada hau bera somatzea. Honela, elurteetan normalean nekez ikusten ditugun zozo, birigarro, txantxangorri, buztanikara eta abar, balkoian, lorategietan, edo kaleko parkean ager daitezke sabeleratzeko zerbaiten bila. Hainbat lekutan jendeak ogi-apurrak edota alpistea botatzen diete eta noski, opari hauek atsegin handiz mokoratzen dituzte.
Elur-ekaitzak dirauen bitartean, ugaztun gehienak ahal den neurrian babesen bat bilatu eta zain egoten dira. Asko eta asko pinudi, artadi, sastrakadi, txara, eta baso gazteetara sartzen dira zoko epelenen bila. Zorionez, inguru zuri-zurian ere maiz topatu ahal izaten da berderen bat, eta belarjale gehienek pinu-hostoak, sasien puntak, huntza, zuhaitz-azalak edo gorostien hostoak jan ditzakete. Azken zuhaitz hau, gorostia alegia, garrantzi handikoa da espezie batzuentzat. Hostoz jantzita egoteaz gain, zuhaitz honek hagitz ezagunak diren fruitu gorri-gorriak ematen ditu neguan, eta hegazti zein ugaztun askok jaten dituzte. Basoilarra dugu adibidez, garai hauetan gorostiaren fruituei esker bizirautea lortzen duenetariko bat.
Arrastoak irakurtzen
Elurrak erakargarritasun askotxo ditu. Animalien behaketari dagokionean, elurra botatzen duenean ez da zaila normalean nekez ikusten diren ugaztunen hanka-arrastoak aurkitzea. Hortaz, nahikoa da elurretan erne ibiltzea hauen mugimenduak antzemateko eta, azken finean, hauen bizimoduari buruz ikasteko. Azeria adibidez, herriraino jaitsi da gaur gauean eta etxe-tartean ibiltzen ausartu da sabeleratzeko zerbaiten esperantzan.
Zertxobait gorago erbi-arrastoak aurkitu ditugu. Poteka-poteka, belar-meta bateraino joan da eta zuloa irekiz, belar-izpi batzuk jan ditu. Basurde-arrastoak, berriz, goiko kaskoan aurkitu ditugu. Gain hauetan gu elurretan gerriraino sartzen ginenez, basurdeek nahitaez, belarrietaraino edo sartu behar zuten. Hala ere, bata bestearen atzean jarri eta lerro-lerroan joan dira sabela elurretan arrastaka zeramatelarik mendi batetik bestera. Berriro ere, basurdeek berebiziko sasoia dutela erakutsi digute.
Hautespen zorrotza
Egoera honetan bizirautea hala ere, ez da erraza. Ezer sabeleratu gabe zenbait egunez gorputzeko erreserbei esker bizi daitekeen arren, elur-ekaitzak egunak iraun... edo ondoren izozteak etorri ezkero, asko larri ibiliko dira. Gorbeian, edo Kintoako basoetan, orein eta orkatzak, sarritan, errepide inguruetatik ikus daitezke, eta tarteka hildako aleren batekin topo egin genezake.
“Hau bizitza gogorra! Pizti gizarajoak!” pentsa lezake norbaitek... Bai, hala da. Baina hauxe duzue hautespen naturalaren adibide ona. Animalia batzuk hiltzen dira, baina beste askok aurrera egiten dute. Azken ale hauek, indartsuenak, gogorrenak, azkarrenak edota osasuntsuenak ditugu, eta noski, modu honetan espeziearen hobekuntza eta 0iraupena ziurtatzen da.
Jadanik aipatu dugu elurraren eragin kaltegarria animalia askorengan. Dena den, eragin onuragarririk ere izan dezake. Ranero, Aizkorri, Aralar eta Pirinioetan bizi diren elur-lursaguek adibidez, elurraren azpian zuloak irekiz ia harraparien arriskurik gabe, janari bila ibil daitezke. Sarritan, eta egun haizetsuetan batik bat, kanpoko tenperatura zeropekoa izan ohi da, baina elurraren azpian, zero ingurukoa besterik ez; hots, epelagoa. Zenbait landarek ere elurraren ahalmen isolatzaileari esker irauten du bizirik neguan.
Hildakoak, besteen janari
Arestian aipatu dugu elurtea iragazle zorrotza izan daitekeela eta ale ahulenak akaba daitezkeela. Dena den, ez pentsa hiltzen diren animalia horiek bertan galtzen direnik. Lehenago edo geroago, haragi hori beste espezieren baten bazka bihurtuko da eta batzuen heriotzak, inoiz baino gehiago, beste batzuen biziraupena ahalbidetuko du. Iratin akabatutako orein bat, besteak beste, azeri, lepazuri, bele, miru, edota saien elikagaia bihur daiteke. Baraualdi larrienetan, animalia batzuk hildako espeziekideak jatera ere iristen dira.
Larran, ederki kamuflatuta
Euskal Herriko mendi altuenetara jo ezkero berriz, elurretako anderea aurki genezake. Dama panpox hau eper zuria dugu, gure lurraldean Belaguako gainetan soilik aurki daitekeen biztanle gogorra. Hegazti dotorea, Pariseko modeloen gisa, urtaro bakoitzerako soineko desberdina ageri du eta neguan zuri-zuriz janzten da. Jakina, lumaje hauekin polita egotea baino, garai bakoitzerako etsaiengandik babestuko duen kamuflaje egokiena lortzea du helburu; harrapariei zailago jartzeko gainera, elurretan arrasto erdirik ere utzi gabe ezkutatzeko ahalmena du. Horretarako, hegan goitik behera botatzen da eta elurretan murgildu.
Ez pentsa ordea, zuriz janzten zaigun animalia bakarra eperra denik. Pirinioak aldeko, edo Karrantzako mendietan bizi den erbinude zuriak ere ilaje zuria hartzen du neguan zehar. Haragijale hau, sagu eta satain-ehiztari bikaina da. Izan ere, erbinudearen antzeko gorputz luze eta fina du, eta karraskarien zuloetan sar daiteke hauek harrapatzeko.
Tripasoinuak
Araba eta Bizkaiko mendebaldeko gainetan ere goseak urdailak estutu ditu eta gaueko iluntasunean aiuri ozenak entzun dira Koartangoko gainetan. Taldean elkarturik, elurretan ez hondoratzeko atzaparrak zabalduta, otsoak ehizara abiatu dira. Baso-muturrean, orkatz gazte bat altxa dute eta lasterraldi baten ondoren harrapatzea lortu dute. Eskerrak! Hiru egun baitziren azeri ziztrin bat ere jaten ez zutela eta beheko bordako artaldera jaisteko tentaldia handiegia bihurtzen ari baitzitzaien. Artzakur zahar horiek erabat bertan egon izan ez balira...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia