Piztizaleon berriak: ekaina
1999/05/30 Elosegi Irurtia, Migel M.
Urteko egun luzeenez gozatzen ari garen sasoi honetan, animalia gehienak lanean erruz ari dira: kilkirrak kantari ugalkideak erakarri nahiean, beste asko kumeak hazten, eta abar. Tenperaturek gora egitearekin batera kilkirrak ez ezik, bestelako intsektu eta ornogabe pila agertuko da. Tximeleta, txitxiburduntzi, marigorringo eta antzeko zomorro ederrez gain, nonahi aurki daitezke hain gustukoak ez ditugun akainak, mando-euliak edota eltxoak ere. Ornogabe hauez, ordea, bestelako animalia asko elikatzen da, eta azken finean, piramide ekologikoan garrantzi handikoak dira guztiak.
Pirinioak aldeko kaskoetara ere udaberria iritsi da eta lore ederrez bete da dena. Azkenean, hemengo artzainek ere goiko larreetara igo ahal izanen dira. Hegoaldeari dagokionez, gari-soroak horitzen hasi dira eta gereziondoak fruituz gainezka ditugu. Kaleetan berriz, udaren atarian, gizakioi galtza, gona eta kamiseta motzak prestatzen hasteko tenorea iritsi zaigu.
Txitxiburduntziaren metamorfosia
Herriko errekako txitxiburduntzien larben azken egunetako portaera harrigarria da. Izan ere, normalean jan besterik egiten ez duten arren azken aldian mokadurik ere ez dute irentsi eta zer edo zer gertatzear dagoela soma daiteke. Bat-batean, hauetariko bat urazaleratu eta pixkanaka, ihi batean gora igo da. Oxigenoa arnasten hasi dela dirudi!
Erne irakurle, gure larba urtarra lehorreratzeko prestatzen ari da eta! Ihian dagoelarik, bizkarraldean tarratada bat egin zaio eta kolore zurixkako gorputz bat azaltzen hasi da (estralurtarren filme garestienetan ere ez dira honelako eszenak ikusten!).
Ordu pare bat gehiago behar izan ditu estalki zahar hau erantzi eta bi hegal-pare dotore zabaltzeko. Ordu batzuk lehenago larba urtarra zena, kolore bizi-biziko txitxiburduntzia bihurtu eta errekan behera abiatu da hegan. Aio, ongi izan!
Sugea bide bazterrean
Sugefoboen zoritxarrerako, giro epelarekin ez da zaila izaten sugeren batekin topo egitea. Ixurialde mediterraneoan, esate baterako, erraza da Montpellierko sugea ikustea. Suge bizkor hau pozointsua da, baina bere letaginak ahoaren barrualdean daudela eta, pertsona bati pozoia sartzea ia ezinezkoa da. Dena den, sartuta ere pozoi hau gizakiontzat ez da oso eraginkorra. Narrastiak ehizatzen dituen sagu eta bestelako animalia txikiak menperatzeko ordea, bikaina da. Honela, sagutxo bat heldu eta irensten hasi orduko, ahoaren atzealdeko letagin hauekin pozoia sartzen dio, sabeleratu eta liseritzeko lanak erraztearren.
Jantzi-aldaketa
Normalean oso koloretsuak ez diren arren, tarteka ia kolorerik gabeko sugeak ikusten dira. Ezaugarri honek, larruazala aldatzekotan dela erakusten du eta halakoetan, sugeak jateari uzten dio. Pixkanaka, zaharraren azpitik berria garatzen du eta larrua aldatzear dagoenean kolore urdintsua hartzen du. Une batean, ezpainen inguruan zarrata irekitzen zaio eta zulo hori handituta, burua ateratzen du. Sugearen mugimenduei esker, eskutatik eskularru bat kentzen den bezalaxe zahartutako larrua eranzten du eta azpitik janzkera berria zuenez, kolore bizi-biziko suge dirdiratsua azalduko zaigu.
Ikusitako prozesua, larru-berritzea, alegia, sugeek urtean 5-6 aldiz egiten dute. Anfibioek ere larruazala aldatzen dute, eta berdin gertatzen da ornogabeen kanpo-estalkiarekin ere. Gizakioi ere antzeko zer edo zer gertatzen zaigu eguzkitan erre ondoren.
Hegaztien muda
Sugeek larruazala zaharberritzen duten bezala, hegaztien lumak ere zahartzen dira eta noski, hauek ere aldatu egin behar. Luma guztiak batera eroriz gero hegan egiteko gaitasuna galduko luketenez, pixkanaka eta ordena jakin batean aldatzen dituzte hauek. Dena den, ahate-espezie askok, muda burutzen dutenean hegan egin ezinean gelditzen dira zenbait egunez, eta horregatik, hezegune aproposetara jo behar dute hori egiteko. Luma-aldatzeak energia-behar handia du eta noski, hegaztiek gehien komeni zaien garaian burutzen dute. Askok, kumaldiaren ondoren berriztatzen dute eta era honetan, migrazio-garaia iristen zaienerako, lumaje berria prest izaten dute.
Amiltxoriak Las Cañas-en
Amiltxoriak, lertxunen familiako hegazti gautarrak dira hauen aldean txiki samarrak izan arren. Hezeguneetan bizi dira eta landaretza trinkoan ederki moldatzen dira. Ilundu orduko, amiltxoriei bazkarako garaia iristen zaie eta gehien ehizatu ohi dituzten animaliak, intsektu urtarrak, krustazeoak eta ornodun txikiak dira. Negua Afrikan pasa ondoren, apirilean itzultzen dira ugaltzeko asmoz. Euskal Herrian, amiltxorien kolonia ezagunak ditugu. Lapurdin adibidez, Aturri ibaiak Lehuntze, Urketa eta Ahurtiren parean dituen irletan kolonia ederra dago. Nafarroan berriz, Ebro eta Aragoi ibaien ertzetako basoetan, eta batez ere Bianako "Las Cañas" aintziran, kumatzen dira. Azken horiek batuta, 325 bikote baino gehiago daude Nafarroan.
Gangak Nafarroako hegoaldean
Gangak, estepa eta ingurune lehorretako hegaztiak ditugu eta Euskal Herrian, Bardeetan, eta inguruko lautadetan bizi dira batik bat. Usoen tamaina dute eta eskualde lehor eta bero hauetan bizi ahal izateko ederki moldatuak daude. Bi ganga-espezie bizi dira gure lurraldean: ganga azpibeltza eta azpizuria. Biak ere oso urriak dira eta lehenaren 800 ale inguru egon daitezkeen arren, Nafarroako ganga azpizurien populazioa 400-700 ale bitartekoa dela estimatzen da; oso txikia beraz. Hegazti hauek, ia egunero ura edan behar dutenez, maiz jotzen dute putzu eta ibaietara. Txitoek ere uraren beharra dute eta gangek kumatze-garaian modu arras berezian eramaten diete ura. Izan ere, gurasoek edaterakoan bularraldea uretan sartzen dute luma-tartean ur-tanta batzuk jasotzearren. Gero, ziztu batean txitoengana jo eta zurgatzeko ematen diete.
Erbia, zuhurra bezain susmabera
Gaurkoan urteko lehen letxugen bila alorrera joandakoan, erbikume batekin egin dugu topo. Maitagarria eta otzan-otzana, amarik inondik ere ageri ez zuenez, erbitxoa etxeratzeko tentazioa izan dugu. Hala ere, azkenean bertan uztea erabaki dugu eta eskerrak, ama ez baitzuen urruti izango.
Erbia, animalia zuhur askoa dugu. Erditu ondoren eta edoskitzaroak irauten duen hilabetean amak askotan kumeak banatu egiten ditu. Bakoitza leku jakin batean ezkutatzen du eta bera, banan-banan joaten zaie esnea ematera. Litekeena da jokabide honek etsaiek kumeren bat topatzeko arriskua handitzea, baina kumeren bat aurrera ateratzeko aukerak ere emendatzen dira. Erbikumeak ez ezik, garai honetan beste espezie askotako kumeak ere aurki daitezke: txorikumeak, orein-kumeak... baina erne! Galduta eta babesik gabe badirudite ere, gehienetan ama ez da urruti izaten. Guk eskutan hartuz gero ordea, ama izutu eta kumeak zaintzen ez ausartzea gerta liteke. Gainera, kumeak etxera eraman eta haztea lortuta ere, askatzean nekez moldatuko lirateke euren gisa. Bitan pentsatu beraz, kumeren bat etxeratu aurretik.
7Kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia