}

Piztizaleon berriak azaroa

1999/11/07 Elosegi Irurtia, Migel M.

Bai polit daudela Euskal Herriko zokoak garai honetan! Mendien goialdeko zuhaitzek hostoa aspaldi galdu zuten arren, bailara eta zuloetan oraindik jantzi gorriari eusten diote eta ezin ikusgarriago dago dena. Zenbait lekutan espezie bakoitzak bere tonu berezia ageri du: pagoak gorrixkak, alertzeak laranja kolorekoak, pinuak berdeak, bertako haritzak horixkak, eta haritz amerikarrak... zoragarriak!

Animaliei dagokienez, azaroa neguaren atariko hilabetea, eta ondorioz, arras garrantzitsua izaten da. Migratzaileak bidaian edo negualdia pasako duten lekuetan egokitzen ditugu, eta bertan gelditu direnak berriz, hilabete txarrenei aurre egiteko azken prestakizunetan buru-belarri sartuta. Izan ere, prest egotea komeni zaie, neguaren lehen erasoa noiznahi etor liteke eta.

Pinu-beldarren habiak

Berriro ere pinuak kolore zuriko habiez betetzen hasi dira. Zetazko habia hauek, pinu-beldarrek egiten dituzten neguko gordelekuak dira. Euskal Herriko eskualde batzuk pinuz josita ditugunez, pinu-hostoz elikatzen diren zomorro hauek izurrite bihurtzeko aukera ederra daukate, eta tarteka kalte handi samarrak eragiten dituzte. Beldar hauen aurkako sistemen artean, hegazkinetik botatako intsektiziden bidezko borroka da erabilienetarikoa. Dena den, produktu kimiko hauetara jo aurretik, habiak moztu eta erretzen, hegazti eta saguzarrentzako kutxak jartzen, feromona-tranpak erabiltzen eta abar saia gaitezke; zalantzarik gabe, izurriteari aurrea hartzea baita borrokatzeko erarik egokiena.

Amuarrainen erruketa

Azaroa-abendu aldera amuarrainek ur garbia eta hondo harritsua duten erreketara joko dute. Hauetariko asko urtean zehar ibaiaren behealdean egon dira baina ugaltzeko tenorea inguratu ahala, ibaietan gora abiatuko dira. Zenbait gunetan korrontea indartsua izaten da, baina amuarrainen ugaltzeko sena indartsuagoa, eta itsu-itsuan traba guztiak gaindituz igoko dira. Ibai-tarte egokia topatu dutelarik, bazter lasairen bat bilatuko dute errun beharreko lekua prestatzeko. Honetarako, emeak hondar eta legarretan, buztan-kolpez zuloa ireki eta bertan arrautza mordoa jarriko du. Arrak berriz, alboan jarrita, hazia isuriko du arrautzak ernaltzeko. Erruketa harritxoz estali ondoren helduek korronteak eraman ditzan utziko dute euren jatorrizko lekuetara itzultzeko.

Oraindik ere migrazioa

Hegaztien migrazioak aurrera darrai eta hilarenhasieran berebiziko paseak egon daitezkeen arren, egunek aurrera egin ahala, mugimendua gutxituz joango da. Hilaren 8-10 aldera arte uso-pase handiren bat ikus daiteke baina hortik aurrera, nekez. Birigarroak ere barra-barra pasa daitezke iparrak jotzen duenean eta hauekin batera, arabazozoak, buztanikarak, hegaberak, antzarak, kurriloak eta abar. Azken hauek zalapartatsu hutsak ditugu eta hauen garrasiak ikaragarrizko distantziatara entzuten direnez, gehienetan entzunez ohartzen gara kurriloen paseaz. Aste hauetan mugimendu handiak egoten dira egunez zein gauez eta ikuskizun mundiala eskain dezakete.

Migratzaileekin jarraituz azaroa oilagorrarenhilabetea dugu. Basoetako mokoluze hau oihanean ezkutatzen da eta zorte pixka batekin, hanketatik altxa eta hegaldi bihurrian ihesi, adar-tartean galtzen ikus dezakegu. Gasteiz inguruko urtegietan, Urdaibain, Txingudin, Baionan, edota Nafarroako hezeguneetan berriz, negua pasatzera bildutako hegazti-andanak daude. Normalean hegazti hauen dentsitateak eguraldiarekin lotura zuzena izan ohi du. Honela, iparraldeko lurralde hotzetatik ihesi, eguraldi txar eta giro hotzekin askoz ere gehiago biltzen dira inguruotan.

Taldeka elkarturik

Negua hurbiltzen ari den tenore honetan animalia askok taldeka elkartzeko joera izaten du. Ez da zaila, esate baterako, orkatzak, oreinak, edota sarrioak talde txikitan edo koadrila dexenteetan ikustea. Hegazti-espezie asko ere taldeka elkartzen da eta honek abantaila ematen die bazka aurkitu eta arriskuei ihes egiteko. Honela, zenbait ale biltzen direnean begi ask

o izaten dira predatzaileak edo bestelako arriskuak antzeman eta ihes egin ahal izateko. Era berean, taldeka egon daitezke garai honetan besteak beste, narrasti eta anfibioak lurpeko zuloetan, edota saguzarrak, ganbara zahar, leize edota kobazuloetan, hibernazioari ekiteko prest.

Ur-zozoari begira

Ur-zozo koadrilarik ordea, ez dugu ikusiko. Izan ere, normalki bakarka edo bikoteka ibiltzen den hegaztia dugu hau. Dena den, gainontzekoentzat bezala, ur-zozoarentzat ere negua ez da batere sasoi erraza. Erreketako hegazti txuribeltz hau urpeko zomorro-ehiztari bikaina da, baina uholdeak gertatzen direnean zailago egiten zaio ur-hondoetan ehizakirik aurkitzea. Datozen hilabeteetan hilkortasun handia pairatuko dute eta adituen arabera, urtean jaiotako kumeen % 20a besterik ez da udaberrira iritsiko.

Sarrioen araldia

Euskal Herriko tontor altuenetara lehen elurrak iritsi dira jada. Hantxe dabiltza hain zuzen ere, zuritu berri diren Belagua aldeko mendietan alegia, sarrio arrak txora-txora eginda. Izan ere, orain iritsi zaie araldia eta emeak estali nahian dabiltza. Eme-taldea bildu ondoren, hauekin parekatzeaz gain, asmo berdinarekin hurbiltzen diren beste arrak uxatzen ari behar dute behin eta berriz. Gizarajoek noski, lur jota bukatzen dute eta bat-batean eguraldiak txarrera egin eta elurte gaiztoren batek harrapatzen baldin baditu, larri asko ibiliko dira. Honelakoetan, ugalketa-garaian egur handiagoa hartu dutenez, ar gehiago hiltzen da emeak baino.

Lursaguak baratzetan

Egun aproposa gaurkoa baratzara hurbildu eta biltzeko puntuan dauden aza eta azenarioak etxeratzeko. Lehen azenarioaren hostoetatik indarrez tira eta lurpean ...deus ere ez? Zer arraio pasa da hemen? Aldamenekoari tira eta beste hainbeste! Inguruko zuloak ikusita ez zait zail gertatu erruduna aurkitzea. Sei azenario ederretatik lau, lursaguak jan dizkit. Lursagua edo sataina, barazkizale amorratua da eta neguan, inguruetan sabeleratzeko ezer gutxi duenean, baratzetara hurbildu eta azenarioak, azelgak, erremolatxak, eta abar lapurtzen dizkigu gustura asko. Jatun fina, denak probatzea gustatzen zaio ondoren goxoenak jateko.

Karraskari honi aurrea hartzea ez da erraza, eta nekazariek, zepoak erabiltzen dituzte hauek harrapatzeko, edo satain-belarrak, inguruetatik uxatzeko. Beste batzuk berriz, zuloak urez itotzen dituzte lursaguak aterarazi eta harrapatzeko. Edonola ere, arras zaila da deabrutxo hauek kontrolatzea eta, bada ez bada, ez utzi biharko gaur biltzeko puntuan dagoen barazkia.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia