}

Pitoi sabelandiak

2001/01/16 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Baraualdian egon arren, pitoien sabela janaria agertu bezain laster lanean hasteko prest dago. Journal of Experiemtal Biology aldizkarian, horren sekretua jatorduetan tamaina bikoizteko gaitasuna duten hesteetan dagoela azaldu dute Alemaniako ikertzaileek.

Teoria berria orain arte onartutakoaren kontrakoa da. "Jan aurretik ekoitzi" deritzon teoriaren bidez azaldu zuen Mississippiko ikertzaile batek sugeak nola elikatzen diren. Haren arabera, digestioari hasiera emateko eta elikagaiak xurgatzeko, behar beharrezkoa da aurretik gordetako energiaz baliatzea. Hau da, hesteak osatu egin behar dira lehenik eta gero digestioa hasiera eman. Izan ere, pitoien digestio-sistema "itzalita" dago baraualdian zehar eta jateko unea iritsitakoan bakarrik jartzen da berriz martxan.

Teoria zaharraren arabera, baraualdian zehar hondatutako zelulak berritzea da sugeak egiten duen lehen lana, bestela ez baitauka digestioa egiteko gaitasunik. Ikertzaile alemaniarren ustez, ordea, hesteek tamaina egokia berreskura dezakete zelula berririk ekoitzi gabe. Pitoien hesteek estaldura malgu berezia dutela argudiatzen dute haiek. Jandakoan hesteen paretetako zelulak hazi egiten direla eta geruza bakarra osatuz berrordenatzen direla. Horrela azalera handia lortzen dute, elikagaiak xurgatzeko nahikoa. Behin digestioa amaituta eta energiaz bete ondoren, hesteetako paretak berritzen dituzte hurrengo otordurako prest egon daitezen.

"Jan aurretik ekoitzi" teoriaren aitak zalantzak ditu. 70 pitoien hesteetan zelulak nola hazten ziren ikusi duela argudiatzen du eta behaketa esperimentalekin bat ez datozen hainbat puntu agertu ditu. Esaterako, luzaroan jan gabe egon den pitoiari janari asko emanez gero, hil egiten da eta elikagaiak digeritu gabe geratzen dira sabelean. Horrek digestioari hasiera emateko adina energiarik ez duela iradokitzen duela dio Mississippiko ikertzaileak, eta alemaniarren teoria zuzena izango balitz, sugea ez litzatekeela hilko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia