Pisu gutxirekin jaiotzearen arriskua
1997/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bihotzeko gaixotasunaren jatorria aztertzerakoan, lan-baldintza kaskarrak, estresa, tabakoa eta beste zenbait faktore hartzen da kontuan. Berriki jakin dugunez, ordea, arrisku-faktore garrantzitsuenetakoa jaiotzean pisu gutxi izatea omen da.
Southamptongo Unibertsitateko David Barker epidemiologoak bihotzekoari buruzko teoria polemikoa eman du argitara. 80. hamarkadaren amaieran hasi ziren Barker eta bere taldea ikerketak egiten eta berehala konturatu ziren desnutrizioak fetuaren fisiologiari kalte egiten diola.
Beste talde batek hamar urteko ikerketa-lana egina du Caerphillyko (Gales) 1.200 gizonekin. Emaitzek adierazten dutenez, bihotzeko gaixotasunak arruntagoak dira pisu gutxirekin jaio direnen artean. Baina talde honen ikerketaren arabera, txikiegi jaio eta hazi ondoren gizenak dauden pertsonak dira bihotzekoak jasateko arrisku handiena dutenak.
Barkerrek antzeko ikerketa egin zuen Indiako hegoaldean eta emaitzak berdinak izan ziren. Bihotzeko gaixotasunak izateko aukera gehiago dute jaiotzean 2,5 kilo baino gutxiago pisatzen dutenek, 3,1 kilotik gora pisatzen dutenek osasun hobea dutelarik zahartzaroan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia