}

Pierre Simon LAPLACE

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomo, matematikari eta fisikari frantsesa Beaumont-en-Auge herrian sortu zen 1749an. Familia apalekoa zen, baina auzokoen laguntzaz eskolara joan eta matematikan trebatzeko aukera izan zuen. Berehala nabarmendu zen horretan eta 18 urte zituela, Parisera joan zen.

d´Alembert matematikariaren laguntza eskatu zuen, baina horrek uko egin zion. Laplacek ez zuen amore eman eta mekanikari buruzko saiakera bidali zion d´Alemberti. Kalitate handikoa zen lan hori eta d´Alembertek matematikako katedra lor zezan bultzatu zuen. Horrez lana, Eskola Normaleko eta Eskola Politeknikoko irakaslea izendatzea lortu zuen Laplaceren babesleak.

Fisika arloan eman zituen Laplacek bere lehen urratsak, bero espezifikoen azterketan nagusiki. 1780.ean Lavoisier-ekin batera substantzia bat deskonposatzeko behar den bero-kantitatea eta substantzia hori sortzean bere osagaiek sortzen duten bero kantitatea berdinak direla esan zuen. Bestela esanda, gaur egungo termokimikaren oinarri nagusitakoa enuntziatu eta energiaren kontserbaziorako lehen kontzeptuak eman zituzten.

Astronomiaz arduratu zen orduan Laplace. 1787an Ilargiaren azelerazioa handiagotzen ari zela eta horrek Lurraren eta gainerako planeten orbitarekin zerikusi handia zuela esan zuen. Planeten batezbesteko mugimenduen iraupena aztertzeari ekin zion, Eguzki Sistemaren oreka horren menpe zegoela uste baitzuen. Horrela, planeten orbiten arteko elkarrekintzak Eguzkiaren inguruan sortzen duten indarrek Eguzki-Sistemaren oreka bermatu egin duela baieztatu zuen. Teoria guzti horren berri 1799 eta 1825. urte bitartean argitaratu ziren Mécanique Céleste izeneko bost liburuetan argitara eman zuen, aurretik Newton, d´Alembert edota Halley-k egindako ekarpenak bilduz.

1796an Exposition du système du monde izeneko liburua argitaratu zuen. Bertan bildu zuen Planeten sistemari buruzko teoria, zenbait aldizkaritan aurrez argitaratua. Unibertsoaren mekanismo osoa funtzio matematikoen bidez adieraz litekeela eta etorkizuneko gertaera guztiak horrela aurresan litezkeela aldarrikatu zuen.

Astromonia gogoko bazuen ere, Laplacek ez zuen inoiz matematika baztertu eta probabilitate-kalkuluari buruzko ikerketa asko egin zituen. Aipagarrienak 1795ean hasi eta 1812an argitaratu zuen Théorie analytique des probabilités izeneko liburu mardulean bildu zituen. Laplace bizi zelarik bi aldiz inprimatua izan zen liburua.

Askoren iritziz, Laplacen ekarpenak Frantzian gertatu ziren aldaketetara egokitzeko zuen trebeziari ere zor zaizkio. Napoleonen laguntzaile izan zen eta 1806an konde titulua eman zion. Napoleon erori zenean, erregimen berrira ederki egokitu zen eta Luis XVIII. erregeak markes izendatu zuen. 1785az geroztik Zientzia Akademiako kide izan zen eta 1817an, Frantziako Akademian onartu eta urtebete geroago erakunde horretako zuzendari izendatu zuten.

78 urte betetzear zegoenean heriotza heldu zitzaion Parisen Pierre Simon Laplace konde eta markesari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia