Petrolioa, gerra eta osasuna
2003/04/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Putzuak erretzen ari dira. Beraz, hor dagoen petrolioa galdu egingo da inork ustiatu gabe, ez irakiarrek ezta estatubatuarrek ere. Horrek garrantzi estrategikoa du gerra honetan.
Baina horrek zerikusirik ba al du zientziarekin? Estatu Batuetan azken asteetan argitaratu dituzten gogoeta askoren arabera, putzuen kontua osasun publikoaren arazo bat da. Hau da, petrolioa erretzeak eragiten dituen osasun-kalteak salatu nahi dituzte estatubatuarrek.
Petrolioaren keak mota askotako partikulak eta substantziak ditu, gehienak osasunerako arriskutsuak. Arnasbideetatik sartuta nahiz azalarekin kontaktuan dira arriskutsuak. Gainera, sortzen den kedarra lurrera iristen denean, sedimentuetatik ur edangarrira iragazten bada, ur hori nolabait pozoi dezake. Are gehiago, epe luzera horrek guztiak zer eragin dezakeen igartzea ere ezinezkoa zaigu.
Horrelako informazioa ari dira estatubatuarrak zabaltzen. Eta informazio hori egia da. Dena dela, gerran gaudela jakinda, hori zabaltzea jarrera ziniko samarra da.
Aliatuek nolako armak erabiltzen dituzten aztertu beharko genuke; jendea zuzenean hiltzeaz gain, seguru asko, uranio pobretua edo beste mota askotako substantziak barreiatzen ari dira Iraken. Orain ez dugu hori baieztatzerik; beharbada hamar urtez itxaron beharko dugu hori jakiteko. Baina, orain arte, gerra guztietan erabili dira jendea hil eta gaixotzeko izan diren baliabide guztiak. Eta gerra hau ez da salbuespena izango.
Kezkatu egin behar dugu petrolioa sutan dagoelako? Zientzia-dibulgatzaile naizen neurrian, gehiago kezkatzen nau gerra bat martxan egoteak.
Herri Irratirako prestaturiko iritzi-artikulua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia