}

Petrolio-hobiak bilatzeko uhin bertikalak

2001/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsas hondoan petrolio- eta gas-hobiak bilatzeko, honako teknika hau erabiltzen da, besteak beste: lehenik, soinu-iturri batek uhinak igortzen ditu lurrazalean barrena; gero, uhinek arroken kontra talka egiten dute eta lurraren gainazalerantz islatzen dira; azkenik, islatutako uhinen ezaugarriak neurtzen dira eta, ezaugarri horien arabera, lurraren barnea nola osatuta dagoen jakin daiteke.

Gaur egun erabiltzen diren tekniken bidez, uhin horizontalak bakarrik sor daitezke. Informazioa lortzeko, ordea, uhin bertikalak behar dira. Idahoko Ingeniaritza eta Ingurugiroko Laborategi Nazionaleko eta Arkansasko Unibertsitateko zientzialariek uhin bertikalak sortzen dituzten bi sistema asmatu dituzte. RCS sistemak (Regenerative Combustion Source) hidrogeno gasa darabil uhinak sortzeko.

Lehenik, sutze-sistema elektriko baten bidez hidrogenoa leherrarazten da. Gero, leherketaren ondorioz sortutako uhinak itsas hondoan barrena hedatzen dira. CDS sistemak (Capacitive Discharge Source), bestalde, arku elektriko bat sorrarazten du; arku horrek lurrunez betetako burbuila bat eratzen du eta uhina sortzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia