}

Pestizidak platerean

2005/05/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Belar txarrak hiltzeko, barraskiloak eta bareak desagerrarazteko, onddoei aurre egiteko, zizareak akabatzeko, intsektuak garbitzeko, karraskariak hauts bihurtzeko, eta beste bizidun batzuk suntsitzeko erabiltzen dira pestizidak. Horrelako sarraskia eragiteko produktu-piloa asmatu ditu gizakiak. Okerrena da gizakia ere biziduna dela, eta, beraz, gutxi edo gehiago hari ere egiten diotela kalte. Horregatik, pestizidak erabiltzeko arauak eta mugak jarri ditu, kalte hori ahal den txikiena izan dadin. Beraz, inolako beldurrik gabe jan ditzake platerean dituen janariak. Ala ez?
Pestizida batzuek luze irauten dute ingurumenean.

Bartzelonako osasun publikoaren agentziaren arabera, badirudi baietz, nahiko lasai egon daitekeela kontsumitzailea alderdi horretatik. Bost urteko epean, 1.109 janari aztertu dituzte, eta % 88,5ean ez dute pestiziden arrastorik aurkitu. Gainerakoan bazeuden hondarrak, baina beti arauek ezarritako gehienezko mailatik beherako kontzentrazioetan.

Bestetik, detektatu dituzten pestiziden motari erreparatuta, ia denak organofosforatuak ziren. Horiek organokloratuak baino errazago kanporatzen ditu giza organismoak, uretan disolbatzen baitira. Aldiz, organokloratuak ez dira uretan disolbatzen, gantzean metatzen dira, eta horregatik arriskutsuagoak dira luzera. Izan ere, kantitate txikiak hartu arren, sarritan hartuz gero maila toxikora iristeko arriskua dago, pixkanaka-pixkanaka kontzentrazioa handitzen baitoa gorputzaren gantz-erreserbetan.

Azterketaren emaitzak

Pestizida-kontzentrazio handienak frutetan, barazkietan, espeziatan eta zerealetan aurkitu dituzte. Landare-olioetan eta arrautzetan, berriz, ez dute positibo bakar bat ere detektatu. Zenbait esnekitan eta haragitan detektatu dituzte pestizida-arrastoak, baina oso kontzentrazio txikietan.

Bartzelonan aztertu dituzten laginen % 88,5ean ez dute pestizida-arrastorik detektatu.

Zehazki, fruten % 28,4an, zerealen eta eratorrien % 20an, eta barazkien % 7,6an pestizida ez-iraunkorrak aurkitu dituzte, gorputzak kanporatzen dituen pestizida-motak, alegia. Pestizida iraunkorrak, berriz, esnekien % 3,5ean, barazkien % 2,4an, zerealen % 1ean, arrantza-produktuen % 0,8an eta haragien % 0,3an topatu dituzte.

Emaitza horiek ez dute antzik duela urte batzuk egindako azterketarekin, orduan ikusi baitzuten pestizida organokloratuak oso zabalduta zeudela. Hortaz, badirudi ikerketak egitea eta arauak zorroztea mesedegarria dela kontsumitzaileen osasunerako.

Hala eta guztiz ere, azterketa egin duten ikertzaileek ohartarazten dute erne egon behar dela. Haien ustez, ondo dago pestizida-kontzentrazioak begiratzea arrisku handiena duten elikagaietan, baina komenigarria izango litzateke kontuan hartzea zenbat jaten den janari bakoitzetik. Izan ere, elikagai batzuk oso gutxitan jaten dira eta beste batzuk, berriz, egunero-egunero dira dietaren parte. Horregatik, azken horiekin kontu berezia eduki behar da.

Pestiziden arriskua

Pestizidak kaltegarriagoak dira haurrentzat helduentzat baino.

Bartzelonan egin duten ikerketaren emaitzak bat datoz Europako Batasunak egiten dituen kontrolen datuekin. Oro har, pestiziden arrastoak legeak baimentzen duenaren barruan daude, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik batere arriskurik. Hain zuzen ere, pestizida batzuk osasunerako kaltegarriak direla frogatu delako dira arauak hain zorrotzak.

Haur txikiek biberoian edo ahian hartzen dituzten zerealek bete behar dituzte arau zorrotzenak. Izan ere, pestizidak bereziki kaltegarriak dira haientzat. Baina ez dago haur txikia izan beharrik pestiziden erruz intoxikatzeko. Izan ere, pestizidekiko sentikortasunean diferentzia handiak daude pertsona batzuetatik besteetara,sexuaren, adinaren eta beste ezaugarri askoren arabera. Horrek guztiak arauak zorroztea dakar, badaezpada ere. Horri zuhurtasun printzipioa deitzen zaio.

Bestetik, azken urte hauetan produktu organikoen, ekologikoen edo biologikoen alde egin dute kontsumitzaile askok. Nahasmen handia dago izendapen horiekin, eta sarritan kontsumitzaileak ez du argi zertan bereizten diren. Dena dela, gehienetan pestizidarik gabe ekoitzitako janariak bilatzen dituzte horrelako produktuak erosten dituztenek.

Zomorroak eta belar txarrak hiltzeko erabiltzen dira pestizidak
Scott Bauer/ARS

Alabaina, gerta daiteke janaria ekoizteko inolako pestizidarik erabili ez denean ere arrastoak azaltzea analisietan. Nondik dator, orduan, pestizida hori? Erantzuna erraza da: ingurumenetik. Pestizida batzuk oso motel degradatzen dira eta luze irauten dute ingurumenean. Adibidez, osasunerako benetan arriskutsua den pestizida bortitz bat, DDTa, ez da erabiltzen Euskal Herrian 1977tik geroztik, baina oraindik detektatzen da lurrean eta janarietan. Hori dela eta, janari ekologikoen ekoizleek ardura berezia izaten dute soroko lurraren eta uraren garbitasunarekin.

Gaur egun erabiltzen diren pestizidak lehengoak baino selektiboagoak dira, hau da, hil nahi duten organismoari bakarrik eragiten diote. Edo, behintzat, hori lortzen saiatzen dira kimikariak. Nolanahi ere, pestizidak ez dira belar txarrak eta zomorroak saihesteko modu bakarra, badaude bestelako metodoak ere: biologikoak, maneiuzkoak, mekanikoak... Elkarrekin erabilita, pestizidak bezain eraginkorrak dira.

7K-n argitaratua.